(argazkia: Euskaltzaindia)

Paskual Rekalde: “Baztango euskara ‘nafartzen’ ari da”

Euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du gaur sorterrian, Amaiurren. 2020ko uztailaren 17an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen hizkuntzalari nafarra, baina pandemiaren eraginez sarrera-hitzaldia atzeratu da.

Duela bi urte, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Paskual Rekalde hizkuntzalari nafarra. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea egokitu zaio euskaltzainari. Euskaltzaindiak bere sorterriko plazan antolatu duen ekitaldian egin du mintzaldia Rekaldek. Aurretik, Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin du Baztango udaletxean.

Hasmentan, Baztango Gaitariak izan dira; ondoren, Mikel Altzuart Dutari bertsolari baztandarrak pare bat bertso bota du; gero, Amaiurren Kantuz abesbatzak Amaiur zintzo eta leiala abestia kantatu du; musikarien ostean, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiur herriko alkateak ongietorria egin diete bertaratutakoei. Beste horrenbeste egin du Andres Urrutia euskaltzainburuak, ekitaldiaren sinbolismoa eta garrantzia nabarmendu dituela bere mintzaldian. Azkenik, Xalbadorren heriotzean interpretatu du Amaiurren Kantuz abesbatzak.

Ondoren, Rekaldek sarrera-hitzaldia irakurri du, eta hiru gai nagusi jorratu ditu bertan: euskara batua eta mintzamoldeak; Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari; eta Amaiurko toki-izenak, etxe-izenak, pertsona-izenak… (ezagun zein ezezagun). Rekaldek Andres Iñigo izan du gogoan bere hitzaldiaren hasieran, haren lekua hartu baitu Akademian Amaiurko semeak. 24 urtez Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria izan denak eginiko lan eskerga azpimarratu du, bai onomastikan, bai hiztegian baita euskararen sustapenean ere. “Berari esker gero eta gehiago dira Nafarroako euskarazko hitzak Euskaltzaindiaren Hiztegian”, gogoratu du.

Euskaltzainak esan du 50 urtetik gora duen euskara batua ere indartzen ari dela, hain zuzen, eskolan eta unibertsitatean ikasten dena, “ahozkora ere hedatzen ari dela, partez bada ere zenbait tokitan”. Ondoren, Baztango euskararen aitzindariei egin die ohore Rekaldek, Juan Kruz Goienetxe, Bitorio Apeztegia eta Jazinto Santsiñena amaiurtar apaizen ekarpenak aletuz.

Iraganetik jauzi eginez, euskarak gaur egun Nafarroan bizi duen egoeraz hitz egin du. “Belaunaldi berriak euskaraz gehiago mintzo dira. Euskara presente da hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan”, baina nabarmendu du, baita ere, hizkera “aunitz aldatu dela” azken urteotan. “Baztandarrak, eskuarki, ez gaude Iparraldera begira: gure euskara ez da egun baztanera-lapurtera, baztanera-nafarrera baizik”, aitortu du. Hortaz, ondorioztatu du “Baztango euskara nafartzen ari dela, eta gero eta euskara batuagoa egiten dutela bereziki eskolatik pasatu diren haurrek”.

Baztango hitzei ere erreparatu die Rekaldek, Amaiur izenetik hasita. Ondoren, inguruko toponimia astindu du, zenbait bitxikeria argituz. Atzenean, Amaiurrek “bizirik eta euskaldun segitzen duela” azpimarratu du, “bere nortasun propioaz harro”.

Miriam Urkia euskaltzain osoak eman dio erantzuna Rekalderen hitzaldiari, eta haren ibilbide oparoa gogoratu du, Euskaltzaindian eginiko lanak nabarmenduz. Ondoren, goi-nafarrerak Euskaltzaindiaren Hiztegian duen lekua azaldu du Urkiak (ia 600 adiera, momentuz).

Ekitaldiaren akabailan, euskaltzain berriak zin egin dio bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez. Ondoren, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu Rekaldek euskaltzainburuaren eskutik. Azkenik, dantza-saioa egin dute Amaiurko eskolako haurrek, Patxi Larralde txistulariak zuzendutako taldearen musikaz lagundurik, eta ekitaldira hurbildutakoek zintzurra bustitzeko aukera izan dute, Baztango Gaitarien soinua lagun dutela.

Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu elkartean bazkaldu dute, eta bazkalondoan arkeologia museoa bisitatzera joan dira; geroago, bakanen batzuek Amaiurko gazteluaren hondakinak ere bisitatu dituzte.

Zabaldu: