Euskal Idazleen Elkartearen lehendakari 1989tik 1997ra, euskaltzain urgazle eta Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendaria izan zen.
78 urte zituela hil da gaur Patri Urkizu Sarasua, gaixotasun baten ondorioz. Lezoarra jaiotzez, Filologia Erromanikoan lizentziatu zen, Salamancako Unibertsitatean (1970). Bertan, Fernando Lazaro eta Koldo Mitxelena izan zituen irakasle, besteak beste. Azken honek zuzenduta Euskal Filologian doktore gradua lortu zuen Pierre d´Urteren hiztegia. Londres 1715 tesiarekin.
Euskal Idazleen Elkartearen lehendakari izendatu zuten 1989an, eta kargu hartan aritu zen 1997ra arte. Horrez gain, euskaltzain urgazlea eta Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendaria izan zen.
Errenteria eta Donostiako Institutuetan lehenik eta EUTG-n, Bordeaux III Michel de Montaigne-n eta Madrilen UNEDeko Unibertsitateetan gero, irakasle lanetan aritu zen euskararen eta euskal literaturaren munduratzeaz arduratuz.
Bartzelona, Madril, Valentzia, Merida, Pontevedra, Cuenca, Salamanca, Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Lille, Lancaster, Montpellier eta beste zenbait hiritako Literatur Jardunaldietan parte hartu zuen eta liburu ugari plazaratu zituen eta baita artikulu ugari aldizkarietan ere: Antzerti berezia, Anuario del Seminario Julio de Urquijo, Argia, Berriak, Egan, Epos, Euskera, Hegats, Jakin, Lapurdum, Mundaiz, Oihenart, Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca, Serta Revista iberorrománica de poesía y pensamiento poético eta beste.
Ikerketa eta dibulgazioaz gain, sorkuntza arloan ere poesia eta narrazioa landu zituen: Dorrejilko kanta (1977), Zeren azken finean (1984), Sekulorun sekulotan (1984), Zoazte hemendik (1995), Suaren froga (2021)….
Bertsogintza eta euskal antzerkia
Bereziki Bertsogintzaz eta Euskal Teatroaz saiakera eta artikulu anitz idatzi zituen, testu ineditoak plazaratuz, Patxi Intxaurrandieta eta beste zenbaiten lankidetzaz. Adibidez: Euskal Antzertia (Antzerti 1984), Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak (Etor 1991), Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma, 1851-1897 (Eusko Ikaskuntza 1997), Zuberoako irri-teatroa. Recueil des farces charivariques basques (Izpegi 1998), Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia (Michael V. Gazzo, Txapela bete euri, Egan 2004); Teatro popular vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición (UNED 2007), Teatro Vasco. Historia, reseña y entrevistas, antología bilingüe, catálogo e ilustraciones (UNED 2009), Albert Camus, Gizon Zuzenak (Egan 2017), “Euskal teatroaren azken ikerketez gogoeta xume batzu”, Ekin eta joka, Azken ikerketak euskal teatroaz (EHAZE, 2018), ea.