Bideoa interpretazio panel batean txertatuko da, Araiako gazteluan bertan. Haren bitartez, panelean integratutako QR kode bat erabiliz, gazteluan barrena bidaiatu ahal izango dute bisitariek.
Patxi Juaristi Azkue Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio Zientifikoko Masterreko ikasle egresatuak dibulgaziorako bideo bat sortu du Master Amaierako Lanean (MAL). Egiteko horretan, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) kalkulu zientifikorako superordenagailua baliatu du, Ariña izenekoa. Bideoa interpretazio panel batean txertatuko da, Araiako gazteluan bertan. Haren bitartez, panelean integratutako QR kode bat erabiliz, gazteluan barrena bidaiatu ahal izango dute bisitariek, “zehaztasun handiko berreraikitze historikoa eskainiko zaie ikus-entzunezko formatuan. Esperientzia aberatsa biziko dute, eta XIII. mendeko mugako gaztelu bateko bizimodua deskubritzeko aukera ere izango dute”.
Araiako gaztelua ezagutaraztea helburu duen proiektu baten baitan biltzen da Juaristiren lana (Recuperación y puesta en valor del castillo de Araia), eta, egiteko horretan, Jose Luis Solaun eta Iñaki Dieguez irakasleak izan ditu tutore lanetan. “Proiektu estrategiko horren helburua da Araiako gazteluaren, Marutegi deritzonaren, garrantzia azpimarratzea eta hura bisitatzeko aukera eskaintzea, baita jendartean ezagutaraztea eta haren narriadura saihestea ere”, azaldu dute.
Juaristik kontatu duenez, “bideoa sortzeko prozesuan, milaka argazki bildu, eta konposizio jakin batean planifikatu eta doitu ziren. Ondoren, irudi horiek guztiak errenderizatu egin ziren, SGIkerren HPC (High-Performance Computing) baliabide aurreratuak erabiliz. Lan guztiaren emaitza gisa, kalitate handiko bideoa sortu zen, irudiaren fideltasuna bermatzen zuena”. SGIkerren Kalkulu Zientifikorako Zerbitzuaren superordenagailuak funtzio ugari ditu; besteak beste, kalitate handiko irudiak sortzeko erabiltzen da, eta, ondorioz, tresna baliotsua da ilustrazio zientifikoaren arloan diharduten ikasle zein profesionalentzat. SGIkerren zerbitzu hau oso sarri erabiltzen dute Ilustrazio Zientifikoko Masterrean.
Patxi Juaristi Azkuek sortutako bideoa esteka honetan dago ikusgai.