70.000 euroko laguntza eta urtebeteko erabateko dedikazioa izango du idazleak Txoriei begiratzen zien gizonari begiratzen zion emakumea proiektua garatzeko.
Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekako adituen batzordeak Patxi Zubizarreta Dorronsoro (Ordizia, 1964) idazlearen Txoriei begiratzen zien gizonari begiratzen zion emakumea proiektua aukeratu. Beka Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sortu zuten iaz, eta aurtengoa bigarren edizioa da. Helburua da euskarazko literatura-proiektu bat sortzeko urtebeteko erabateko dedikazioa erraztea, 70.000 euroko laguntza ekonomikoaren bidez.
Ebaluazio-batzordeak nabarmendu duenez, Zubizarretak aurkeztutako proposamenak “idazkera dotorea eta aberatsa du, indar handiko prosa, eta erreferentzia mitiko eta literarioek tartekatzen dute”. Egileak norberaren eguneroko bizitzaren mundu sekretuan barneratzeko duen modua baloratu da bereziki; “vita minimaren alde egin du, anonimatuan geratu ohi diren gertaerak lehen planora ekarrita eta pertsonaien introspekzioa arakatuta”.
Eleberrian, nabigatzaile batek etxetik alde egitea erabaki du, emaztea behatzeko. Nabigatzaileak uste du emazteak anakoreta batekin harremana duela. Hautaketa-batzordearen aktak nabarmentzen duenez, “eleberriak bidaien imajinarioa eta lorategietako sinbologia uztartzen ditu, eta testuarteko sare aberatsa proposatu”; besteak beste, Herman Melville, Nathaniel Hawthorne, Emily Dickinson eta Henry Thoreau idazleak biltzen ditu.
Zubizarretak, bere aldetik, nobela “lasaiago” bat proposatu duela dio, eta so egin eta begiratzea erdigunean jarri ditu: “Txoriei begira zegoen gizonari begira zegoen emakumea izenburua jarri diot proiektuari”. Itsasontziko kapitain baten istorioa kontatzen du: “honek, itsasaldi bati ekin beharrean, lurreko aterpe batean ezkutatzea erabaki du, emaztearen intimitatean nabigatzeko, hirugarren pertsona batekin partekatzen duten etxean kamerak jarri ondoren; pertsona hori kapitainak berak erreskatatu eta babestu zuen anakoreta bat da”. Narrazioak, beraz, kapitainaren ikuspuntua jarraitzen du, istorioaren benetako voyeur gisa azaleratzen dena.
Proiektuak anonimatuan geratzen diren eguneroko gertaera intimoak lehen planoan kokatzen ditu, introspekzioaren prismaren pean. Ildo horretan, istorioak pertsonaien barne-mundua du ardatz, itxuraz txikia eta monotonoa dena. “Irudipena dut denbora-dispertsio moduko batean gaudela, albisteetan harrapatuta, gaurkotasunaren tiraniaren pean, eta ez garela konturatzen egunerokotasunaz, txikitasunaz, bizitzak esan nahi duenaz.
Adituen batzordea
Bigarren edizioko proposamenak baloratu dituen adituen batzordearen buru Jon Kortazar Uriarte Euskal Filologian doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Literaturako katedraduna, idazlea eta literatura-kritikaria izan da, eta idazkaria Alexander Gurrutxaga Muxika, Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea. Batzordekideak izan dira Katixa Agirre idazlea eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean; Aritz Galarraga idazlea, editorea, literatur kritikaria, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Hizkuntzalaritza Saileko irakaslea eta Literaturan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean; eta Lourdes Otaegi Euskal Filologian doktorea eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle agregatua Euskal Herriko Unibertsitatean.