(argazkia: Kontseilua)

Paul Bilbao: “Berezko hizkuntzen kudeaketa justizia, berdintasuna eta askatasunaren parametroen arabera eztabaidatzea lortu dugu”

Bilbaok azpimarratu duenez, “berriki Europak berak berretsi du Estatu espainiarrak nahitaezkoa duela hizkuntza-politikaren norantza aldatzea”.

Euskalgintzaren Kontseiluak, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren alde lanean diharduten Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium eta Plataforma per la Llengua erakundeekin batera, agerraldi bateratua egin du gaur, Bilbon. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok urrats txikia izan arren, eztabaida parametro egokietara eta erdigunera eraman izana azpimarratu du: “Behingoz, berezko hizkuntzen kudeaketa justizia, berdintasuna eta askatasunaren parametroen arabera eztabaidatzea lortu dugu. Izan ere, Madrilen esan genuen bezala, demokrazia dago jokoan baldin eta Estatuko milioika biztanle bigarren mailako herritar gisa hartzen badira”.

Horrekin batera, Bilbaok eragileek izandako erantzukizuna eta malgutasuna azpimarratu nahi izan du, “gure aldetik prestutasuna izan da adostasunetara iristeko, horrexegatik ulergaitz egin zitzaigun eragileoi hizkuntza-berdintasuna bezalako printzipioei uko egiteko eskatu izana. Hala ere, eta proposamen osoa baztertuko zela zirudien arren, azkenean, eragileon presioari esker leihoren bat irekitzea lortu genuen. Ez guk nahi beste, baina arrakala egin genuen”.

Halaber, Bilbaok azpimarratu nahi izan du berriki Europak berak berretsi duela Estatu espainiarrak nahitaezkoa duela hizkuntza-politikaren norantza aldatzea. Izan ere, duela astebete Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak txosten berri bat argitaratu zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren karira, eta Estatuak hainbat gomendio bete ez dituela berretsi zuen: “Bete gabeko gomendioak zuzenean lotzen zaizkie Legez Besteko Proposamenean atzera bota zituzten neurriei. Iruditzen zaigu, beraz, borondatea egonez gero, Estatuak errazki beteko lituzkela berak berretsitako nazioarteko itunak, hain zuzen ere, eragileok proposatu genion bidetik”, adierazi du Bilbaok.

Irekitako leihoa

Ondoren, Diputatuen Kongresuak onartu dituen puntuek zer nolako eragina izan dezaketen xehetu dute eragileek. Informazio guztia hemen irakur daiteke.

 

Zabaldu: