Hitzaldia euskaraz izango da aldibereko gaztelaniazko itzulpenarekin. Gonbidapenak eskuragarri daude jada Tabakalerako webgunean.
Larunbat honetan, martxoak 4, Irati filmaren sortze prozesuaz hitz egingo du bere zuzendari Paul Urkijo Alijok, Donostiako Tabakalerako zine-aretoan.
Pasa den ostiralean estreinatu zen pelikularen inguruko sekretuak kontatuko ditu zinemagile gasteiztarrak. Antolatzaileen arabera, “ez dira misterio gutxi izango, izan ere, Irati misterioz betetako mundua da”.
Urkijoren Irati filmak bost egun daramatza Hego Euskal Herriko zinema aretoetako karteleretan eta dagoeneko pelikularik ikusiena izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Orotara 204.000 euro irabazi ditu ostiraletik hona, euskaraz sortu den film baten estreinaldi arrakastatsuena bihurtuz.
Guztira, 112 kopia banatu dituzte Estatu espainiarrean, erdiak baino gehiago jatorrizko bertsioan, euskaraz, proiektatu dira, eta bigarren film ikusiena izan da Estatu mailan.
Filmak bost izendapen lortu zituen 37. Goya sarietan: Jantzi Onena, Jatorrizko Abesti Onena, Musika Onena, Efektu Berezi Onenak eta Gidoi Egokitu Onena. Aurretik sari ugari jaso ditu, eta publikoaren lau sariak irabazi ditu parte hartu duen lau jaialdietan.
Paul Urkijo zinemagileak berak idatzi du filmeko gidoia eta Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruiz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranburu eta Ramon Agirre aktoreek gorpuzten dituzte pertsonaiak.
Lantalde teknikoari dagokionez, Nerea Torrijos jantzien buru izan da, Mikel Serrano arte zuzendaria, Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja soinu bandaren egileak, David Heras eta Jon Serrano efektu berezien arduradunak eta Gorka Gomez argazki zuzendaria. Zuzendari gasteiztarraren arabera, “Irati beti kontatu nahi izan dudan Erdi Aroko abenturazko film fantastikoa da. Liluratu egiten nau euskal mitologiak, eta film hau kondairen mundu ilun eta liluragarri horri egiten diodan omenaldi epikoa da. J.L. Landaren eta J. Muñozen El ciclo de Irati nobela grafikoko pertsonaietan modu askean inspiratu naiz, baita beste euskal kondaira eta gertakari historiko batzuetan ere, hala nola Orreagako guduan”.
Ipar Euskal Herrian noiz estreinatuko den jakiteko dago oraindik.
Hitzaldia euskaraz izango da aldibereko gaztelaniazko itzulpenarekin.
Gonbidapenak eskuragarri, hemen.