(argazkia: Euskaltzaindia)

Pello Apezetxea ikertzailearen omenezko bekaren lehen edizioa martxan da

Deialdiak bi helburu ditu: batetik, Apezetxea omentzea; bestetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea.

Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak eta Sagrario Aleman Astitz Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkariak Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa bekaren lehen edizioaren aurkezpena egin dute. Deialdi honek bi helburu dituela azaldu dute: “batetik, Apezetxea omentzea; bestetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea”. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenaren emaitza da beka hau.

Deialdiaren ezaugarriak

Pello Apezetxearen ikerketa esparruak kontuan hartuta, honako ikerketa-gaiak proposatu dituzte lehen deialdian.

Soziolinguistika: Tokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean. Helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan. Immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan. Gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean.

Dialektologia: Bortzirietako hiztegia. Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak.

Onomastika: Toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena.

Aukerako gai horiez gainera aipatutako hiru arloekin zerikusia duten bestelako gaiak ere proposatu ahal izango dira.

Azaldu dutenez, “beka emateko orduan, epaimahaiak inguruko errealitatearekiko hurbiltasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirietan aplikatzeko bideragarritasuna izanen ditu kontuan, besteak beste”.

Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izango dira deialdira, eta maiatzaren 31ra arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izango dute ikerketa garatzeko.

Bekadunak 7.000 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.

Bekaren oinarriak, hemen.

Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932 – Etxalar, 2022)

Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932-Etxalar, 2022) arlo anitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izendatua izan zen.

Bere bizitzaren zatirik handiena Etxalarren eman zuen, eta ezinbesteko erreferentea da eskualdean euskara biziberritzeko prozesuan. Etxalarren bertan, ikastolaren sorreran, eskolan euskarazko hezkuntza ezartzeko prozesuan; eskualdean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, tokiko komunikabideetan, etab.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, osasunak eragotzi zion arte, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak Pello Apezetxea zena omentzeko xedez antolatu du ikerketa beka hau.

Zabaldu: