Pello Lizarralde eta Joxean Agirre dira 2020ko 111 Akademiaren Sariko finalistak

Akademiakideek Agirreren Nobela errealista bat eta Lizarralderen Argiantza lanen artean hautatu beharko dute sariduna.

2020. urteko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko 111 Akademiak hirugarren eta azken bozketa txanda martxan jarri berri du. Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza, Uxue Alberdiren Dendaostekoak, Idoia Garzesen Mendiko gaitza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat izan dira lehian bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten bost obrak, alegia. Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40a lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat. Gauzak horrela, bi lan horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 22ra bitartean.

Dena ondo bidean, Akademiak apirilaren amaieran emango du ezagutzera 2020ko 111 Akademiaren Saria.

Akademiakideek Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberria izendatu zuten 2019ko libururik onena. Gasteizko idazleak lortu zituen boto gehien 2019ko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru txandetan eta Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eleberria izan zuen lehiakide azken bueltan.

2019ko 111 Akademiaren Sariarekin Karmele Jaiok bi sari eskuratu ditu jada, aurrekoa 2016. urtean irabazi zuen Amaren eskuak eleberriarekin. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano dira irakurleen sari hau birritan irabazi duten beste idazleak.

Zabaldu: