Apirilaren 2ra arte egongo da proiektuak aurkezteko aukera.
Kilometroak egitasmoak eta Mintzola Ahozko Lantegiak Pello Mari Otaño ikerketa beka aurkeztu dute, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.
Mintzolako kide Beñat Gaztelumendik adierazi duenez, “Villabonan kokatu zen Euskal Herri mailako proiektua, herriarentzat ere aberasgarria izateko asmoarekin, eta lan handia egin da hamabi urteotan. Hazia erein eta erein aritu gara eragile ezberdinekin elkarlanean, hainbat ikerketa proiektu eta tesi bultzatu ditugu eta jada hasiak gara uzta biltzen”, uzta horri gehituko zaion ikerketa bultzatzeko asmoa du Pello Mari Otaño bekak. Kilometroak egitasmoko Mikel Egibarrek bere aldetik, ikerketen beharra ere gogoratu nahi izan du, “gure herriak belaunaldi berriak erakartzeko ekimen garaikideak izan behar ditu. Horretarako, azterketa, ikerketa eta analisia behar dira”.
Pello Mari Otaño Bekan parte hartu nahi dutenek apirilaren 2ra arte izango dute proiektuak aurkezteko aukera eta azaldu dutenez, bertsolaritza eta emakumeak Aiztondoko bailaran jorratzen dituzten lanei emango diete lehentasuna, nahiz eta bestelako gairik duten ikerketa proiektu edo monografikoak ere onartuko diren, beti ere Aiztondoko ahozkotasunari edo ahozko kultur sorkuntzari buruzko jakintza ikertzeko helburua baldin badute.
3.000 euroko diru-laguntza esleituko da ikerketa lana garatzeko eta maiatzaren 9an emango da ebazpenaren berri. Urtebeteko epea izango du ikertzaileak lana garatzeko.