(argazkia: Artium Museoa)

‘Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979’ erakusketa paratu dute Artium Museoan

Mikel Onandia, Rocio Robles eta Sergio Rubira komisario dira erakusketa honetako komisarioak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin egindako lankidetzaren emaitza da.

Gasteizko Artium Museoak Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979 erakusketa paratu du ekainaren 5era arte. Museo honetako arduradunek azaldu dutenez, “erakusketa aldi horretan garatutako beste hainbat proiektu aztertzen dituzten 19 azterketa-kasutan egituratuta dago. Proiektu horien ezaugarri nagusiak hezitzeko asmoa eta artearen testuinguruan ikerketarako eta topaketarako espazioak sortzeko borondatea dira”.

Erakusketa hau artea eta pedagogia uztartzen dituzten Museoaren beste proiektu batzuekin lotuta dago, hala nola Antonio Ballester Morenok 2021ean egindako erakusketarekin edo JAI ikasketa-programarekin. Mikel Onandiak, Rocio Robles Tardiok eta Sergio Rubirak ikertu eta komisariatu dute Pentsatzeko leku bat, eta Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoaren laguntzarekin antolatu da. Honetan, Begi trantsitibo bat. Irungo Zine Klubaren proiektua aurkeztuko da datorren asteazkenean, urtarrilak 26.

Jorge Oteizak Quousque Tandem…! (1963) liburuan esaten zuen bezala, “guk ezin dugu ikerketaz hitz egin, ez baitugu ez elkartzeko tokirik, ezta pentsatzera biltzeko leku sinple bat ere”. Baieztapen hori abiapuntu hartuta, hauxe da erakusketa honen helburua: Euskal Herriko jendearen hazkunde soziopolitiko, kultural eta intelektuala ahalbidetuko duten topaguneak sortzeko dei horri erantzutea. Erakusketak 1957-1979 bitartean egindako hezkuntza-proiektu batzuk, taldekako zein banakako proiektuak, berreskuratzen eta biltzen ditu, Oteizak orduan nabarmendu zuen argudio bera aldarrikatzeko.

Mapa horri izenak eta lekuak gehitzean, artisten eta geografien arteko loturak bistaratzen dira, Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko arte-panoraman giltzarri izan ziren alderdi batzuekiko kezka komun bat agerian uzten dutenak: abstrakzioaren eta figurazioaren arteko eztabaidak, arteen integrazioaren defentsa, arte-irakaskuntza berritzeko premia edo artearen funtzio sozialaren eta garrantziaren aitortza, non haurrak arreta berezia jasotzen duen subjektu eta hartzaile gisa. Horrekin, euskal arte garaikidearen sorrerako gertakari haietara hurbilketa bat egitea proposatzen da, artista hezitzaile bihurtzeko prozesuetatik eta arte-irakaskuntzatik abiatuta oraingo honetan, baina bi ardatzok garaiko testuinguru historiko-sozialetik aztertzea ahaztu gabe.

Zabaldu: