(argazkia: Artium Museoa)

Performance bat, Nestor Basterretxearen obra ikusgai eta irakurketa partekatuak Artiumen 20. urteurrenean

Horretaz gain, urtemuga ospatzeko, Gasteizko museoak bere bilduman jarri du arreta: datozen hilabeteetan hainbat ekintza egingo dira, eta urtarrilean erakusketa berri bat irekiko da, bertako funtsak ikusgai jarrita.

Itziar Okariz artistaren performance bat, Nestor Basterretxearen obrak Gasteizko museoko plazan ikusgai, eta irakurketa partekatuak, horra Gasteizko Artium Museoak bihar, apirilak 26, ateak zabaldu zituenetik 20 urte betetzen diren egunerako prestatu dituen jardueretako batzuk. Horrez gain, museoaren adiskide talde batek bideo bat grabatuko du: 20 urte, 20 arrazoi baino gehiago izenburupean.

Gainera, 20. urteurrena ospatzeko, museoak bere bilduman jarri du arreta: datozen hilabeteetan hainbat ekintza egingo dira, eta urtarrilean erakusketa berri bat irekiko da, bertako funtsak ikusgai jarrita. Hala, apirilean eta maiatzean, museoko sarrera doakoa izango da publiko guztientzat.

14:00etan abiatuko da biharko antolatu diren ekimenak, Irakurketa partekatuak saioarekin. Museoak Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin lotuko du horrela bere urteurrenaren ospakizuna. Arte eta kultura garaikideko testuen irakurraldi publiko horretan, artearen eta kulturaren arloko profesionalek hartuko dute parte, baita irakurketaren esperientzia partekatu nahi duten guztiek ere. Azaldu dutenez, “oraingo honetan, Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta –praktika esperimentalak Euskal Herrian (1957-1979) erakusketaren kariaz argitaratu dugun Pentsatzeko leku bat argitalpenaren hainbat testu irakurriko dira, baina parte-hartzaileek, hala nahiago izanez gero, nahi duten testua ekarri eta irakurri ahalko dute, baldin eta artearen eta kulturaren munduari buruzkoa bada”.

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin lotuta, museoko liburutegiak liburuak uzteko kanpaina bat (Bookcrossing) koordinatu du. Aurten, espainiar Estatu osoko 50 museok eta arte-zentrok hartuko dute parte kanpaina horretan, besteak beste honako hauek: Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera, Chillida-Leku, Valentziako IVAM, Vigoko MARCO, Las Palmaseko CAAM, eta Madrilgo MNCARS.

Behin irakurketa saioa amaituta, Itziar Okariz artistak 2. kapitulua, V. W. izeneko performancea eskainiko du, 18:30ean. Ikuskizun horretan, artistak behin eta berriz irakurriko du Virginia Wolfen Gela bat norberarena lanaren pasarte bat, errepikapen bakoitzean hitz bat kenduta. Beraz, errepikatu ahala, testua urrituz joango da, erabat desagertu arte. Errepikapen bakoitzean, narrazioaren elementu ezberdin bat azpimarratuko da, publikoa testuaren elementu esanguratsu guztiez jabetu dadin.

Amaitzeko, 19:00etan, Nestor Basterretxearen lau obra bisitatuko dira, museoaren kanpoaldean. Formatu handiko lau eskultura dira, altzairuzkoak eta polikromatuak, itxuragatik hilarri tradizionalak gogorarazten dutenak. Piezak Artium Museoaren barruko plazako bi puntutan kokatuko dira, eta eskultorearen familia bertan izango dela aurreikusita dago.

Zabaldu: