Peru Abarka album ilustratuen lehiaketara idazlanak aurkezteko epea zabalik da

Otsailaren 28ra arte bidali ahal izango dira lanak. Irabazle bakarra egongo da eta honek 1.700 euro jasoko ditu sari moduan.

Euskal literatura produkzioan formatu berritzaileak sustatzea du helburu Peru Abarka Lehiaketak, kasu honetan album formatuan. Estilo honetako liburuak, gehienetan, haur literaturan erabiltzen badira ere, Europako literatura joera berriek erakusten dituzte gero eta zabalagoa dela helduen literaturan ere.

Album formatuan testua ez ezik, ilustrazioak ere argitalpenaren gune bihurtzen dira, letrak eta artea uztartuz.

Horrela, Peru Abarka lehiaketaren bidez euskal idazle hasi berriak erakarri nahi dituzte Erein argitaletxeak eta Markina Xemeingo Udalak. Hauek dira hain zuzen, ekimenaren antolatzaileak eta formatu berri honetan argitaratzeko gogoa dutenak bilatu nahi dituzte, baina ez hori bakarrik, ilustrazioan lan egin nahi dutenak ere literaturaren mundura erakarri nahi dituzte. Hala, lehiaketa bi dituzte batean: narraziorik onena aukeratzeko balioko duena eta narrazio hori ilustratuko duen ilustraziorik onenarena.

Ekimenean 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezake eta helduentzako literatura izango da kategoria bakarra, ipuinak euskara batuan aurkeztu beharko dira eta gaia librea izango da. Lanak bestalde,  originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabekoak, prosaz zein bertsoz idatziak, izan beharko dira.

Ipuinak aurkezteko epea osailaren 28ra arte egongo da zabalik. Irabazle bakarra egongo da eta honek 1.700 euro jasoko ditu sari moduan.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak hemen.

Zabaldu: