Peru Galbetek apirilean kaleratuko duen diskoaren aurrerapen kanta aurkeztu du: ‘Ura’

Musikari gipuzkoarraren laugarren lana hamabi kantuz osatuta dago, eta azaldu duenez, bizitzari begietara begiratu (edo beiratu) nahi dio.

Peru Galbete musikariak apirilaren hasieran argitaratuko du Beiratu izeneko disko berria, baina gaur lan horren aurrerapen kantua aurkeztu du Ura izenpean. Laugarren diskoa argitaratzeko bi hilabete falta diren arren, musikariak aurre-salmentan jarri du lana jada bere Bandcamp plataforman.

Hamabi kantuz osatutako lana da Beiratu, eta azaldu duenez, bizitzari begietara begiratu (edo beiratu) nahi dio. “Beiratzea ere badelako gauza bati beiraren ezaugarri edo itxura ematea, eder mantendu dadin (nahiz eta hauskor). Eta ezinbestean, bizitzari berniz kapa bat eman ohi diogu, hondatu ez dadin agian, diskoaren azaleko egurrek dutenaren antzekoa”, kontatu du musikariak.

Galbetek gogoratu du txikitan, lokartu aurretik sabaira begiratzen zuenean, begi pila bat ikusten zituela egur haietan berari begira, “gaur egun ere, ikusten jarraitzen ditut”, aitortu du.

Usurbildarrarenak dira disko berriaren hitzak eta doinuak. Paxkal Irigoyenek, berriz, saxofoiarekin kolaboratu eta ekoizpen lanak egin ditu. Lana Shot! estudioan grabatu du Ander Barriusorekin batera. Jonan Ordorika masterizazioaz arduratu da.

Galbete Donostian jaio zen 1987an. Usurbildarra izatez, Uharten bizi da gaur egun. Bilbon Argazki zuzendaritza ikasketak burutu zituen eta, ondoren, zinema eta bideogintza lanak musikarekin uztartzen aritu da. 2015ean Edinburgoko musika eskolan ikasi eta bere bakarkako proiektuari ekin zion. 2016an Peru izeneko lehen diskoa argitaratu zuen, eta urtebete geroago, egonaldi artistiko bat egin zuen Bolivian, Comunidad Inti Wara Yassi animalia basatien aldeko erakundearekin. Bertako basoan sortu eta grabatu zituen 13 kantuz osatutako Voces de la Selva proiektu boluntarioa. 2020an Usurbil, Urretxu eta Uharte artean idatzi eta grabatutako hamar kanturen bilduma plazaratu zuen Nor zara zu? izenpean.

Zabaldu: