Petti musikariak pentsamendua, poesia eta doinua uztartzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Bilbon

Manipulazio estrategiak izenpean, proiektua Noam Chomsky pentsalariaren hausnarketetan oinarritzen da. Bilboko Loraldia Festibalean izango da estreinaldia martxoaren 15ean.

Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Petti musikari beratarrak Loraldia Festibalean, martxoaren 15ean, igandea, Bilboko Guggenheim Museoan, hainbat musikariz inguratuta. Manipulazio estrategiak du izena egitasmoak eta Noam Chomsky pentsalariaren hausnarketetan oinarritzen da. Loraldia Festibalean izango da egitasmo honen estreinaldia.

Sylvain Timsit idazleak, Noam Choskyren pentsamenduan oinarrituta, sarean asko hedatu den zerrenda osatu zuen 2002an: “Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak”. Testuak iritzi publikoa eta jendartea bera modu masibo batean manipulatzeko estrategiak hamar punturen bidez laburbiltzen ditu. Zerrenda horretan inspiratuta, Pettiri disko kontzeptual bat sortzeko ideia bururatu zitzaion eta, hala, Harkaitz Cano idazleari proposatu zion eta honek onartu zuen.

Horrela jaio zen Manipulazio estrategiak sortzeko asmoa, bi urtez baino gehiagoz landu dutena, mimo, jakituria eta sen mugagabeekin. Estrategia bakoitza poema bat izango da, eta dagokion musika estiloa izango du: bossa nova, bluesa, folka, rock and rolla… “Hala, emaitzak gaurkotasun beteko auzi baten ituan jotzen du, mezu zorrotz eta argigarriz. Manipulazioari aurre egiteko kultura-artefaktua”.

Loraldia Festibalean eskainiko duen kontzertuari dagokionez, Etxeko Uzta, Juantxo Zeberio, Angel Unzu eta Et incarnatus orkestraren hari-laukotea izango dira eszenatokian, eta emanaldiaren hasieran Harkaitz Canok prestatutako testu bat irakurriko du Ana Galarraga proiektuko kolaboratzaileak.

Kontzertuaren bidez, Pettik diskoa aurkeztuko du. ZART kolektiboarekin kaleratuko du, eta hamar abesti bilduko ditu, estrategia bakoitzerako bana. Harkaitz Canok ipini dizkie letrak  abestiei, eta musikari beratarrak doinua.

Moldaketak, berriz, Angel Unzuk eta Juantxo Zeberiok egin dituzte, eta beste hainbat musikariren laguntza ere izan du. Bilboko jaialdiko emanaldian oholtzan arituko direnez gain, Toño Muro (Balerdi Balerdi), Gorka Benitez (saxoa) eta Raul Gartzia (zerra musikala) ere izango dira. Horrez gain, Maite Larburuk ere hainbat abestitan parte hartu du.

Grabaketa lanak Atala estudioan eta Bonberenean egin dituzte, Iñigo Irazoki eta Karlos Osinaga teknikariekin. Diskoaren diseinuaz, berriz, Alain Urrutia ZART-eko kidea arduratu da.

Zabaldu: