(argazkia: Euskaltzaindia)

Piarres Lafitteren artxiboa Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai

Neurri batean, Georges Lacomberen artxiboaren segidako lantzat har daiteke, harekin osagarria guztiz, bi-biek Ipar Euskal Herriko historia, literatura eta euskalgintzaren iturri-dokumental mamitsu eta garrantzitsuak biltzen baitituzte. Hemen kontsulta daiteke, osorik: https://www.euskaltzaindia.eus/lafitte-funtsa

Euskaltzaindiak Piarres Lafitte euskaltzale, idazle eta euskaltzain osoaren (1901-1985) artxiboa bere webgunean eskegi du. Adierazi duenez, “egundoko bilduma dokumentala da Lafitterena, ezinbestekoa Euskal Herriko euskalgintzaren historia ezagutzeko”. Kontsultagai dagoen artxiboan honako dokumentu hauek azter daitezke:

Gutuneria. Berari zuzendutako gutunak eta kasu gutxi batzuetan berak idatzitakoak. Halaber hainbat aldizkari eta proiekturen partaidetzan jasotakoak.

Piarres Lafitteren lanak. Hiru motatakoak dira: euskalgintzan, euskal literatura eta Euskal Herriko historiaren ikerkuntzan, berak sortutako lanak; editore gisa bideratutako hainbat edizioren dokumentuak; eta Hainbat egileengandik jasotako dokumentuak, nagusiki Herria aldizkarirako.

Larresoro, Beloke eta Uztaritzeko ondare dokumentala. Seminario horietatik abiatuta, Ipar Euskal Herriko hainbat apaizen dokumentu sakabanatuak.

Bertso bilduma. Ipar Euskal Herriko hainbaten tradizioari jarraituz, han-hemen jasotako bertsoak.

Artxiboaren ezaugarriak azaltzeko, Baionan, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko egoitzan izan dira gaur Jean Baptiste Coyos euskaltzainburuordea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Aitor Maritxalar, digitalizazioaren arduradun teknikoa eta Jean-Michel Barnetche Uztaritzeko apez eta Piarres Lafitteren ikasle ohia.

Artxiboaren garrantziaz

Clement Mathieu apezpikuaren eskariz eta haren finantzaketarekin osatu zuen Lafittek bilduma erraldoia, nagusiki Ipar Euskal Herriko jatorri askotako dokumentuak bilduz. “Piarres Lafitte pertsonaia esanguratsua da Euskal Herriaren historian. 1945etik aurrera eta hil arte, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren erreferentzia nagusia izan zen, haren autoritatea eta itzala aho batez aitortuak zirela”, adierazi dute.

Zabaldu: