Picassoren ‘Gernika’ artelanaren txokolatezko erreplika ikusgai jarriko dute Gasteizen

Erakusketa apirilaren 27an irekiko da, 18:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Hilaren 28an, osteguna, arratsaldez bisitatu ahal izango da, eta apirilaren 29an, 30ean eta maiatzaren 1ean goizez eta arratsaldez, Europa Jauregian.

Gernikako bonbardaketen 85. urteurrenarekin bat eginez, datorren apirilaren 27an Picassoren Gernika artelanaren txokolatezko erreplika izango da ikusgai Gasteizen.

Europa Biltzar Jauregiko Olarizu aretoak hartuko du Euskal Herri osoko 40 gozogilek egindako erreplika honen erakusketa. Jatorrizko mihisearen neurri berberak ditu (7,77 metroko luzera x 3,49 metroko zabalera) eta fidelki erreproduzitzen du indarkeriaren aurkako nazioarteko ikono hau. Txokolatezko lehen erreplika hau egiteko 400 kilo txokolate ale baino gehiago urtu behar izan dituzte.

Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak, Euskal Gozogileak federazioarekin eta Mugarik Gabeko Musikariak elkartearekin batera, erakusketa honen inguruan datozen egunetarako aurreikusita dauden jarduerak aurkeztu dituzte; txokolatezko obraren sorkuntzari buruzko dokumental bat, Gernikako bonbardaketaren biktimak gogorarazten dituen musika-emanaldi bat eta Arabako gozogileen produktuen erakusketa, besteak beste. Hazi Fundazioa ere bultzatzen ari da ekimen hau.

Amaiera ezin hobea emateko, Mugarik Gabeko Musikariak elkarteak antolatutako Bakearen aldeko Kontzertua izango da, apirilaren 30ean, larunbatean, 19:00etan, Maria de Maeztu auditoriumean.

Erakusketa apirilaren 27an irekiko da, 18:00etan, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Hilaren 28an, osteguna, arratsaldez bisitatu ahal izango da, eta apirilaren 29an, 30ean eta maiatzaren 1ean goizez eta arratsaldez, Europa Jauregian.

Erakusketak obraren azalpen- eta interpretazio-zerbitzua eta parte-hartze eta sormen gune bat izango ditu, bisitariek Gernikaren erreplika bat margotzen lagun dezaten. Europa jauregian bertan, gainera, txokolate tabletaren tamainako koadroaren erreplikak eskuratu ahal izango dira.

Zabaldu: