(argazkia: ARTgia)

Piko Zulueta argazkilariak ‘Basoratu’ erakusketa aurkeztu du Gasteizko ARTgia aretoan

20 argazkik eta mosaiko erraldoi batek osatzen dute abenduaren 15era arte ikusgai egongo den erakusketa. Gaur arratsaldean bisita gidatu bat egingo dute.

Piko Zulueta (Gasteiz, 1979) argazkilari arabarrak Basoratu izeneko erakusketa aurkeztu du gaur Gasteizko ARTgia aretoan. Proiektu honek argazkigintza sorkuntza garaikidea Shinrin Yokua-rekin (basoan ibiltzea eta gure zentzumenen bitartez naturarekin konektatzean datzan jardunbide japoniarra) uztartzen ditu.

Proiektu honek hainbat bizi-beharrei erantzuten diela azaldu du Zuluetak: “eguneroko erritmoa moteltzeari, gelditzeari eta bide batez, gure bizimoduaren inguruan gogoeta egiteari”.

Proiektu honen jatorria basoan bizi izandako zentzumen-bizipenetan eta ondorioz izandako erantzun emozionaletan dago. Hildo honetan, Basoratu proiektuak gogoeta egitera gonbidatzen gaitu eta aldi berean pentsamendu kritikoa eta gizakion ahalduntzea sustatzen ditu.

Moteltasunaren eta honen edertasunaren aldeko alegatu bat da. Erakusketa 20 argazkik eta mosaiko erraldoi batek osatzen dute. Zuluetak azaldu duenez, “garaiko argazki kamera batekin egin ditut argazkiak, oihal beltz bat behar duten horietakoa. Kamera handi eta pisutsuarekin burutu nahi izan dut proiektua moteltasuna ederra dela aldarrikatzeko”.

ARTgiak Gasteizko Kultur Sailarekin elkarlanean, ARTgia da! beka jarri du martxan eta Zulueta, Sara Rodriguez eta Alazne Paiueta, Edurne Herran eta Ane Gebararen proiektuak aukeratu ditu epaimahaiak programaren baitan. Horren emaitza da gaur aurkeztu duten Basoratu.

Erakusketa Gasteizko aretoan egongo da ikusgai abenduaren 15era arte. Gaur arratsaldeko 19:30ean berriz, bisita gidatua egingo dute.

 

 

Zabaldu: