Errezitalak, performance parte-hartzaileak, hitzaldiak eta bazkari herrikoia antolatuko dituzte egun horietarako.
Orain arte Oiartzungo Arte Egunak ekimenaren barruan antolatu izan dute Poesia Eguna, baina aurten, egitasmoak itxuraldatu du eta egun bakarreko ekimena izan beharrean, hiru egunekoa izango da. Bertan, errezitalak, performance parte-hartzaileak, hitzaldiak eta bazkari herrikoia antolatuko dituzte.
1545 argitaletxeak, Metrokoadroka kolektiboak, Hitzen Lihoak, Oiartzungo Udalak eta Oiartzungo kulturzaleek antolatu dute Poesia Egunak eta egitaraua irailean ezagutzera emango duten arren, parte hartzearen inguruko bi deialdi zabaldu dituzte jada.
Lehena irailaren 13an izango da. Egun horretan, Loaldi Poetiko Herrikoia egingo dute iluntzean. Oier Guillanek Loaren defentsan poema sorta errezitatuko du, eta ondoren, publikoari elkarrekin lo egitea proposatuko diote. Errezitaldiaren ostean, horretarako berariaz atondutako espazio batean, gaubeila hasiko da: jendeak afaltzeko, solasteko edo beste edozein proposamen egiteko (kantatu, marraztu, errezitatu…) aukera izango du. Ordu erdiro Oiartzungo aktore batek loaren poema sortako ale bat hartuta pieza labur bat eskainiko du. Tarte honek goizeko ordu biak arte iraungo du, gehienez. Ondoren, loaldia hasiko da: jendeak lo egiten duen bitartean, argazkilari batek jendearen loa erretratatuko du, eta etorkizunean material horrekin pieza artistiko bat sortuko dute.
Loaldian edonork har dezake parte, adin mugarik gabe, baina lekuak mugatuak izango dira, eta izena eman beharko da poesiaegunak@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Aurtengoa laugarren poesialdia izango dute Oiartzunen, eta hastapenetik bidegorriko ekitaldia izan da ardatza. Urtero bidegorriko zati bat egiten du jendeak elkarrekin oinez, eta aurten ere hala izango da. Hala irailaren 14an, hiru errezital egingo dituzte bidean: lehenengoan herritarrek poemak irakurriko dituzte, bigarrenean herriko idazleek berariaz aurtengo gaiaren inguruan,Arrastoa, idatzitako testuak irakurriko dituzte, eta azkenik, aurten poesia liburuak plazaratu dituzten Euskal Herriko hainbat idazlek beren liburuetako aleak errezitatuko dituzte. Goizeko 11:00etatik aurrera izango da ekitaldia, Cadarson jarri dute hitzordua. Oraingoz idazle eta artista hauek parte hartuko dutela aurreratu dute: Irati Jimenez, Oier Guillan, Titika Rekalt, Luix Mitxelena, Angel Erro, Mikel Etxaburu, Oihane Jaka, Maddi Sarasua, Aintzane Galardi, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Izar Azpiroz, Malen Elizasu, Ekhi Arizmendi edota Miren Azkarate. Poemak irakurri nahi dituzten Oiartzungo herritarren izen ematea ere zabalik da.