(Oiartzungo Poesia Egunak)

Poesia Egunak egingo dituzte irailaren 5etik 11ra, Oiartzunen

Aurten, Etxea gai hartuta gauzatuko da ibilbide poetikoa

Poesia Egunak izenarekin plazara iaz etorri baziren ere, 2020tik antolatzen ari dira ekimena Oiartzunen, pandemiaren ondorenetik, hain zuzen ere. Antolatzaileen esanetan, “forma, izen eta egitarau askotarikoa eskaini du urtez urte, eta naturalki joan da antzaldatzen, beti ere poesia erdigunean jarrita eta diziplina artistiko ezberdinei eta esperimentazioari tokia eginez”.

Ekimenak Eako Poesia Egunak izan ditu inspirazio iturri, eta hark utzitako hutsunea. “Ean bezala Oiartzunen ere, naturarekin erabat konektatutako egitaraua antolatzen dugu, auzolanean eta hainbat elkarteren arteko lankidetzan”.

Gai bat izan dute orain arteko poesia egunek erreferentzia gisa, Hernaniko kale literatura ekimenak sortutako antologiak baliatuz egin zituen ekimenak lehenengo urtean, baina azkeneko bi edizioetan gai baten bueltan antolatzaileek berariaz osatzen dute antologia.

Etxea gai hartuta gauzatuko da ibilbide poetikoa

Azaldu dutenez, “etxea ez da ezer, baina etxea dena da. Etxea hotzetik babesteko sortu zen, zure ondasun apurrak gordetzeko bide, maite duzun jendearekin elkar zaintzeko espazioa. Baina etxea, horrexegatik beragatik, izan daiteke guztiz kontrakoa ere: ihesbide zaileko presondegia, atea zabalik duen kaiola, tratu txarrak jasaten dituenarentzat. Etxeak babesa ematen dizun teilatupea behar luke, mundu honetan lasai lo egin daitekeenaren promesa; azkenaldian, Palestinan bezala munduko beste hainbat lekutan, ordea, kontrakoa ere ikusi dugu. Bota dezakeela norbaitek etxea zure gainera, edo beti okerragoa dena, maite duzun horien gainera teilatupe oso bat. Erakunde publiko eta pribatuak ere etxe gisa eraikitzen ditugu jendarteok, ematen diegu denon mesederako botere bat, baina gehiegitan ikusten dugu nola botere horrek azkarregi egiten dion ihes komunitateari besteen eskuetan. Horren adierazle izan daiteke desjabetzeen gatazka, hainbestetan teilatuperik gabe geratzen ari diren familien gaiak erakusten duen erakundeen aurpegi zitala”.

Antolakuntzak gogoratu duenez, “etxearen alde edo kontra beti dago edonon pertsona multzo bat etxearen jatorrizko zentzura bueltatu nahi duena. Begiratu besterik ez dago, gatazka orotan topatuko duzu gatazka horren beste aurpegia erakusten dizun jendea. Ez dugu gutxitan entzun, hemen egotea etxean bezala egotea da, sentitu zaitez etxean bezala edo, lagun bati maitasunez, zu zara nire etxea”

Hala, bosgarren Poesia egunek kultur komunitatea etxe bat dela aldarrikatuko dute, “euskara bera dela gure teilatupea, eta etxe honek ateak zabalik dituela behar duen ororentzat: Etxea ardatz hartuta poemak idatziko ditugu, irakurriko ditugu, eramango dugu poesia herritarren etxeetara”.

Poesia Egunak saretuta antolatzen dituzten kolektiboek eta pertsonek ere etxe bat izan nahiko lukete, halakorik behar duenarentzat; “aurreko edizioetako herritarren parte hartze handia ere etxe bat izan da denontzat, Oiartzungo eta inguruetako kulturzaleentzat. Bosgarren aldiz eramango dugu kultura kalera, etxe bateko atea bi aldeetara zabaltzen dela gogora ekarriz: kalea ere kulturarena dela aldarrikatuz. Kulturaren etxean teilatuari eusten tematzen garenontzat, agian, ‘kultura’ eta ‘politika’ elkarrekin doazen bi hitz direla gogorarazteak egiten duelako posible, zure etxeko errepublika independente posible bakarra”.

EGITARAUA

Irailak 5, ostirala:

17:30ean: Tantai esperientzia sonoroa. Ainara Lasa. Putxutxoerrekan.

19:00etan: Heriotzak Eduardo du izena. Poesia ez-errezitala. Formol Laborategia.

Landetxen. Sarrera: 5 euro

 

Irailak 6, larunbata:

11:00etan: Ergoienetik Ergoienera, ibilbide poetikoa.

14:00etan: bazkaria Auzokalten. Sarrera 10 euro. Erreserbak: poesiaegunak@gmail.com

18:30ean: Etxe bat poesia errezitaldi musikatua. Yolanda Arrieta eta Peru Galbete.

Landetxen. Sarrera: 5 euro

 

Irailak 8-9-10:

19:00etan: Poeta bat zure sukaldean. Errezitaldiak herritarren etxeetan.

Harkaitz Cano, Itziar Ugarte, Jose Luis Otamendi.

 

Irailak 11, osteguna:

19:00etan: Haur eta gazteen poesia emanaldia Iturriozko Dorretxean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna