Txillida Lekun izango da asteleheneko saioa, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Nuria Barriosen hitzaldia eta Luisa Etxenike eta Jon Gerediagaren errezitala izango dira, Jon Makuso arduratuko da musikaz.
Astelehenean, ekainak 13, abiatuko dira urtero Donostian eta Hernanin antolatzen dituzten Poesia eta Pentsamendua izeneko jardunaldiak. Lehen emanaldi hau Hernaniko Txillida Lekun egingo dute, eta ekainaren 14an, berriz, Victoria Eugenia Club aretoan. 2008an hasi ziren jardunaldi hauek egiten, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategiren eskutik eta orain arte asko izan dira parte hartu duten poetak.
Hala, 19:00etan hasiko da asteleheneko emanaldia. Nuria Barriosen hitzaldiarekin. Ondoren, Luisa Etxenike eta Jon Gerediagaren errezitala izango da. Musikari dagokionez, Itsasne Fernandez eta Jon Makuso biolin jotzailea arituko dira. Sarrerak Txillida Lekuren webgunean egongo dira salgai 5 euroan.
Victoria Eugenia antzokiko emanaldia ere 19:00etan hasiko da, hurrengo egunean, ekainak 14, Mikel Arruabarrena Larrarte, Iosune de Goñi, Izaskun Igoa Jaimerena, Juan Carlos Mestre eta Itziar Ugarte Irizar poetek errezitaldia eskainiko dute. Musikari dagokionez, Jon Makuso biolin jotzailea arituko da honetan ere.
Aurten aipatzekoa da baita ere, Berriro igo nauzu: Hamaika poetika labur = Once poéticas breves argitalpena, Donostia Kulturak babestu duena. 2008ko azaroan egin ziren lehen jardunaldiak, eta, horrekin batera, arestian aipatu lau poeta antolatzaileek manifestu bat plazaratu zuten poesia eta pentsamendua gaiak ardatz hartuta. Geroztik, hamar manifestu gehiago kaleratu zituzten jardunaldien harira, hamaikara heldu arte. Zifra borobila euskaraz. Manifestu bakoitzarentzat Imanol Larrinaga margolari durangarrak margo bat egin zuen, eta jardunaldien kartelen irudiak ere berarenak dira. Arestian esan bezala, dagoeneko 15 urte bete dituzte jardunaldiek, eta urteurrena baliatuz, oroigarri modura, liburu batean bildu dituzte manifestu guztiak ele bietan, euskaraz zein gazteleraz.