(argazkia: Euskaltzaindia)

Poesiak aberriaren gaia nola jorratu duen aztertuko dute Lekeitioko ‘irailekoak’ egitasmoan

Hilaren 26an, 27an eta 28an izango da poesia-jaialdia eta hitzaldiak, errezitaldiak, antzerkia, errezitaldi musikatuak eta omenaldiak hartuko ditu.

Aurten 700 urte bete ditu Lekeitiok, eta urte osoa daramate ekitaldiz ekitaldi. Euskaltzaindiak ere bat egin nahi izan du urtemugarekin, eta Irailekoak poesia-jaialdia antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin eta herriko Kitto eta Recreatiba elkarteen laguntzarekin. Euskararen Akademiak gogoratu duenez, “2023ko edizioa, estreinakoa, Lekeition bertan egin zen, arrakasta handiz gainera”. Aurten, baina, hiru egun hartuko ditu jaialdiak, irailaren 26a, 27a eta 28a.

Hirugarren edizioa Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dute eta bertan izan dira Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Miren Agur Meabe Euskaltzaindiko idazkaria. Antton de la Lama Lekeitioko Kultura zinegotzia ere hurbildu da bertara.

Urrutiak azaldu duenez, “Irailekoak egitasmoaren helburuak hasierakoak dira: euskal poesia sustatu eta euskal poetei plaza erakargarri bat eskaini beraien lanak ezagutarazteko”.

Meabek poesiari buruz hitz egin du: “Poesiara hurbiltzea denona den ondare inmaterial deskribagaitz bat ukitzea da, eta ondare hori, aldi berean, gu ukitzen uztea. Eta era askotara egin daiteke hori: panorama orokorrak eskainiz, joera berriei buruzko gogoeta eginez, honako eta halako egikerak kontrastatuz, poesiaren eta beste adierazpide batzuen arteko diziplinartekotasuna aztertuz, hizkuntza gutxituetan idazten duten sortzaileen ahotsak entzunez eta abar. Hori dena bildu nahi izan dugu Irailekoak-en”.

Hiru egunez luzatuko da Irailekoak, antzerki-lan kitzikagarri batekin estreinatuko baita. Hain zuzen, Formol Laborategiko Heriotzak Eduardo du izena antzezlanarekin (irailaren 26an, 20:30ean, Ikusgarri zineman). Susa argitaletxearekin batera ekoiztutako lana da eta ez-errezitaldi bat planteatzen dute, hankaz gora jarriz poesia-errezitaldien betiko modu eta ereduak.

Larunbata ere gogor estreinatuko da, Hedoi Etxarte idazleak poesian aberriaren gaia nola jorratu den aztertuko baitu Recreatiba elkartean, goizez. Ondoren, Eusebio Erkiaga idazle eta euskaltzainaren omenezko ekitaldia izango da. Hain zuzen, Udalak eta Akademiak plaka bat jarriko dute lekeitiar idazle eta euskaltzainaren jaiotetxean (Eliz Atean); ondoren, haren omenezko bertso batzuk botako ditu Xabat Galletebeitiak. Olerkaria eta nobelagilea, gerra aurreko euskal kulturaren eragile porrokatua izan zen Erkiaga, eta, gerra ostean, euskal kulturaren biziraupenerako katebegi garrantzitsua.

Ekitaldia amaitu eta errezitaldia izango da, San Juan Talakon. Bertan arituko dira Txomin Hegi, Gotzon Barandiaran eta Ane Labaka, Nabil eta Toki musikarien laguntzaz. Arratsaldean ohiko ibilaldi poetikoa egingo da herriko leku jakin batzuetan (Abaroa parketik hasita); bertan parte hartuko dute Leire Vargasek, Iker Aranberrik, Raquel Pardok, Edu Zelaietak eta Luzien Etxezaharretak. Azkenik, Rifqa: honengatik egiten dugu dantza errezitaldi musikatuarekin itxiko da larunbata, Mareaerrota espazioan.

Bestalde, Meabek esan duenez, jaialdiaren bitartez euskal poeten lana gizarteratu nahi da”, baina, halaber, beste bazter batzuetako poeten lana ere erakutsi nahi da. Honela, Chus Pato eta Miriam Reyes galiziarrak izango dira aurtengo gonbidatuak. Igande goizez, Danele Sarriugartek elkarrizketatuko ditu biak, Recreatiba espazioan, eta, ondoren, Sonora izeneko ikuskizun poetikoa emango dute.

Jarduera osagarriak

Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak Kitto merkatarien elkartearen laguntzaz. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira. Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko Paperak aldizkariaren hirugarren zenbakia plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa”. Aurten, Sonia Rueda bilbotar sortzaileak edertu du jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko den argitalpen hori.

Zabaldu:

Utzi erantzuna