(argazkia: Euskaltzaindia)

Poesiak Lekeitio blaituko du irailaren 26tik 28ra

Irailekoak jaialdia Lekeitiora itzuliko da. Helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea da; nolanahi ere, beste bazter batzuetako olerkariek ere parte hartuko dute jaialdian.

Iaz Itsasu bisitatu ostean, Lekeitiora bueltatuko da Irailekoak poesia-jaialdia irailaren 26tik 28ra. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako hirugarren asteburua antolatzea deliberatu du, hastapeneko helburuei eutsiz. Horrela, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, “poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean”. Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak; horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan.

Jaialdiak euskal poeten lana gizarteratzea du xede, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere hartuko dute parte. Poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emango ditu Euskararen Akademiak.

Jarduera gehigarriak

Poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira Lekeitioko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira, merkatarien Kitto elkartearen laguntzaz. Recreativa elkarte ezagunaren laguntza ere izango du Euskaltzaindiak, beraien egoitzan egingo direlako ekitaldi nagusiak.

Horretaz gain, iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Jaialdian parte-hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.

Zabaldu:

Utzi erantzuna