Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astearen hirugarren edizioa martxoaren 22tik 26ra egingo da

Aurtengo gonbidatuak Itxaro Borda, Bigara (Amorante eta Okene Abregorekin batera) eta Luis García Montero izango dira. Hilaren 25ean emango da ezagutzera nork irabazi duen IV. Donostia Kultura Poesia Saria.

Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astearen hirugarren edizioa, martxoaren 22tik 26ra bitartean egingo dute Donostia Kulturako hainbat gunetan. Aurreko edizioetan bezala, Donostia Kulturak bat egingo du, martxoaren 21ean, olerkiaren irakurketa, idazketa eta argitalpenerako ekimenak sustatzeko Poesiaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

Poesialdiak badu, gainera, beste xede bat ere, Donostia Kulturak urtean zehar antolatzen dituen olerkien inguruko ekimenei eta programei jarraipena ematea, besteak beste, Poesia Orduak, Poesia eta Pentsamendua Jardunaldiak, olerki lanen errezitalak eta aurkezpenak egileekin, Literaktum Jaialdia, Olerkarien Txokoa…

Aurtengo programazioa hilaren 22an, astelehena, hasiko da. Itxaro Borda idazleak bere obra poetikoaren gako nagusiak azalduko ditu Iratxe Retolazaren laguntzarekin eta aldi berean zenbait poemen irakurraldia eskainiko du, Ernest Lluch Kultur Etxeko Areto Nagusian, arratsaldeko 19:00etan. Ekitaldirako sarrera gonbidapen bitartez da eta eskuratzeko, aldez aurretik izena eman beharko da amarakulturetxea@donostia.eus e-postaren bidez. martxoaren 15etik aurrera jasotako eskaerak bakarrik hartuko dira kontuan.

Hurrengo egunean, hilaren 23an eta 26an, 19:00etan, Victoria Eugenia Club Aretoan Ulu, ala, ele, Abere ba ikuskizun poetikoak palindromoak izango ditu abiapuntu. Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garcia Bigarak osatzen duten talde sortzaileak Abere ba palindromo ilustratuen piztegia liburua eta erakusketa egin ondoren, ikuskizuna sortu dute Amorante (Iban Urizar) eta Okene Abrego musikariekin batera. Musika, hitza eta irudia, aurreraka eta atzeraka. Martxoaren 23rako sarrera guztiak agortu dira jada, 26ko ekitaldirako, berriz, sarrera gonbidapen bitartez eskuratu beharko da; horretarako, aldez aurretik eman beharko da izena donostiakoliburutegiak@donostia.eus e-postaren bidez.

Martxoaren 24an, Luis Garcia Montero poeta, idazle, kritikari eta irakaslearen hitzordua izango da. Garcia Montero Itziar Minguez poetarekin solasean arituko da bere obra eta ibilbidearen inguruan, Ernest Lluch Kultur Etxeko Areto Nagusia, 19:00etan. Ekitaldirako sarrerak eskuratzeko, aldez aurretik eman beharko da izena amarakulturetxea@donostia.eus e-postaren bidez. Honetan ere, martxoaren 15etik aurrera jasotako eskaerak hartuko dira kontuan.

Azkenik, hilaren 25ean, osteguna, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo da. Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Poesia lehiaketa honek euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko xedea du.

Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan izango da ekitaldia goizeko 11etan.

Sarrerak eskuratzeko aldez aurretik eman beharko da izena donostiakoliburutegiak@donostia.eus e-postaren bidez.

Zabaldu: