'Ardo' lanaren aurkezpena Zarauzko Garoan ( argazkia: EITB)

Poetika zikloa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunera itzuliko da

Lehenengo emanaldia bihar izango da, Juan Luis Zabala poetaren eskutik. Bertan izango dira ere Alexander Gurrutxaga eta June Agirre gitarrista. Hilaren 24an, berriz, Ardo izeneko errezital musikatua izango da.

Koldo Mitxelena Kulturuneak urtero antolatzen dituen irakurketa poetikoak abiatuko ditu hil honetan. Jon Obesok, Jose Luis Padronenek eta Musikenek koordinatzen duten ekimen honek bi topaketa hartuko ditu bere baitan. Baina, aurretik, adituen aurkezpenak izango direla iragarri dute, “egile gonbidatuen testuinguruaren errealitatea eta errealitate poetikoa kokatzen laguntzeko”. Saio horietan ikasle instrumentistek ere hartuko dutela parte nabarmendu dute, “irakurketari doinua jarriz”.

Lehenengo topaketa bihar izango da, 19:30etik 21:00etara, Juan Luis Zabala poetarekin (Azkoitia, 1963). Idazle honen obra literarioak hogeiren bat lan biltzen ditu, eleberri, biografia, aforismo, poesia eta kontakizunen artean, eta sari ugari jaso ditu. Bere azken lana, Mina hartzeko ere, iaz plazaratu zuen Susa argitaletxearen eskutik.

Zabala Euskal Filologian lizentziaduna da eta Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkariko kultura ataleko idazlea izan da. 2016ko urtarriletik itzultzaile gisa lan egiten du.

Bere lanari eta ahaleginari esker, Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York lan poetiko nagusia euskaraz irakurri daiteke. Ereinek 2003an argitaratu zuen Poeta New Yorken izenburupean.

Biharko saioan Zabalaren aurkezpena Alexander Gurrutxagak (Zarautz, 1988) egingo du. Gurrutxagak literaturan doktorea, Xabier Leteren obran espezialista eta EHUko irakaslea eta ikertzailea da. Dibulgazioaren arloan, literatura kritikaria da, bai solasaldi eta tailerretan, eta baita argitalpenetan ere. Azkenik, June Agirre gitarrista arduratuko da irakurketa poetiko honi musika jartzeaz.

Errezital musikatu bat otsailaren 24an

Otsailaren 24an, ostirala zikloaren bigarren emanaldia izango da Ardo izeneko errezital musikatuarekin. Ardo (Gaztelupeko Hotsak, 2022) Andoni Tolosa Morau idazle eta kantautorearen, Beñardo Goietxe gitarrista eta abeslariaren eta Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailearen arteko lananaren emaitza da.

Ardoa ardatz hartuta, Ardo disko liburuak dozena bat abesti, berrogeita hamarren bat poema eta hogeita lau ilustrazio biltzen ditu, eta adiskidetasunaren ondorio onuragarriengatik topa egitera gonbidatzen du entzulea. Errezital hau Morau eta Goietxeren abestiek eta testuek osatzen dute. Hernaniarra lehenengoa, idazlea, komikietako gidoilaria eta folk-rock kantautorea da duela bi hamarkada baino gehiagotik hona. Denetara sei disko argitaratu ditu eta Xabier Montoia, Joseba Tapia eta Joxi Ubeda artistekin elkarlanean aritu da. Goietxe beratarra, berriz, gitarrista eta abeslaria da, eta hainbat musika proiektutan parte hartu du instrumentista eta abeslari gisa (Noise Hole eta Mugaldekoak). Petti, Joseba Irazoki, Xabier Montoia eta Anarirekin ere kolaboratu du.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Ardo errezitalak Josu Landa idazle eta itzultzailearen laguntza izan du, eta hark ere parte hartuko du hilaren 24ko saioan.

Zabaldu: