Iñigo Marzabalek koordinatuta, Nosferatu Bildumaren hamaikagarren alea da plazaratutakoa.
Polar frantziarra liburuak zinema beltz frantziarrari eskainitako Nosferatu zikloarekin bat egiten du. Zikloa Tabakaleran garatzen ari da 2023. urte osoan zehar, eta abenduaren 13an amaituko da, Canicule (1984) filmaren proiekzioarekin.
Iñigo Marzabalek koordinatu du liburua eta bertan, Marzabalez gain, ondokoen testuak bildu dira: Leire Azkunaga, Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Inazio Gaztaka, Victor Iturregi, Iñaki Lazkano, Ainara Miguel eta Nekane Zubiaur.
Liburuan zinema beltz frantziarraren historia aztertzen da 30eko hamarkadako errealismo poetikotik –Le Jour se lève (Marcel Carné, 1939)– XXI. mendera arte –Demonlover (Oliver Assayas, 2002), 9 doigts (François-Jacques Ossang, 2017)–, tartean direla alemaniarren okupazioan zehar egindako zinema –Le Corbeau (Henri-Georges Clouzot, 1943)–, Godard, Truffaut eta Nouvelle Vague eta beste hainbat zinemagile, Jacques Becker, Henri Decoin, Jules Dassin, Claude Chabrol, Alain Corneau eta José Giovanni besteak beste, eta arreta berezia eskainita Jean-Pierre Melville maisuari –Le Samouraï (1967), Le Cercle rouge (1970)–.
Marzabalen arabera, “Ohiko historiografiaren arabera, film noir terminoa joan den mendeko 40ko hamarkadaren erdialdean sortu zen Frantzian, Nino Frank kritikariaren eskutik. Denbora gutxian, izen horrek aurrekaririk ez duen hedapen eta aberastasun diskurtsibo aparta lortu zuen, baina soilik Estatu Batuetatik datozen hainbat film ezkor eta ilun karakterizatzeko. Denborazko edota geografiazko berezitasunez haratago, liburu honen helburua “trama beltz” horren presentzia arakatzea da, Frantziako zinemaren historiaren zati handi batean, 30eko hamarkadatik gaur egunera arte. Horrela, zine mota hau topaketa dialektiko gisa ulertzen dugu, non Europa eta Amerika elkar aberasten eta elikatzen diren”.
Saiakera hau azaroaren 29an 19:00etan aurkeztuko du Iñigo Marzabalek Tabakalerako Zinema Aretoan, Le Professionnel (1981) filmaren aurretik.