(argazkia: Donostia Kultura)

Poltsiko Antzerkia jaialdia maiatzaren 5etik 22ra bitartean egingo da Donostian

Jaialdia maiatzeko hiru astetan zehar egingo da eta emanaldiak ostegunetik igandera izango dira. Berrikuntza gisa, jaialdia tabernetara itzuliko da, aurreko edizioa ia osorik aire zabalean kokatutako karpetan egin ondoren.

Donostia Kulturak, kultur etxe sarearen bitartez, Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren beste edizio bat aurkeztu du gaur goizean. Hogeita hamaikagarren edizioa izango da maiatzaren 5etik 22ra bitartean egingo dena. Ohikoa den bezala, formatu txikiko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenak osatuko dute programa, hiriko antzerki programazioa herritarrei eta batez ere publiko gazteenari  hurbiltzeko helburuarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, “jaialdi honen xede nagusia da askotariko antzerkia zabaltzea bai haren ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere”.

Jaialdi honen bereizgarria da antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira, adibidez, tabernak, eta, gainera, ideia eta formatu berriekin esperimentatzeko bidea ematen dute.

Poltsiko Sorkuntza saria.

Edizio honetan ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XII. deialdirako irabazleak hartuko du parte: Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Ivanka antzezlana.

Egitarauari dagokionez, bi estreinaldi izango dira, aipatutako Antzerki Sorkuntzako Ivanka lana eta Andoni Mutiloaren Sex Sua. Era berean, Felix Alboren El pueblo de los Mellados, Estefania de Paz Asinen La Reina del Arga zirkoa, Alazne Etxeberriaren De esto tambien se sale eta Javier Merinoren Dialogos con mi barriga, besteak beste.

Antzerkia, umorea, magia, zirkoa, bakarrizketak, musika… Horiek izango dira, hain zuzen, jaialdi honen osagai nagusiak, eta gaurkotasuneko gaiak jarriko dira oholtza gainean, kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko.

Doka aretoan egingo den itxiera ekitaldian Donostiako Xentimorik gabe konpainiaren Gu Primer!, Virginia Imazen Clownclusiones eta Yogurinha Borovaren Playlist ikusi ahal izango dira.

Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da edukiera bete arte eta unean-uneko segurtasun eta osasun neurriak beteko dira.

Zabaldu: