Jaialdia maiatzeko hiru astetan zehar egingo da eta emanaldiak ostegunetik igandera izango dira. Jaialdia ohi bezala, hiriko hainbat taberna eta espaziotan izango da. Edizio honetan ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren aurtengo deialdiko obra irabazlea ere ikusteko aukera egongo da: AmaHiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundu antzezlana.
Donostia Kulturak, kultur etxe sarearen bitartez, Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren edizio berri bat aurkeztu du. Hogeita laugarren edizioa izango da maiatzaren 8tik 25era bitartean egingo dena. Ohikoa den bezala, formatu txikiko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenak osatuko dute programa, hiriko antzerki programazioa herritarrei eta batez ere publiko gazteenari hurbiltzeko helburuarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, jaialdi honen xede nagusia da “Poltsiko Antzerkiaren eta, oro har, formatu txikiko ikuskizunen esparruan dagoen euskarazko eskaintza indartzea, eta bide batez, sorkuntza bultzatzea”.
Bestalde, jaialdi honen bereizgarria da antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan emanaldiak programatzea. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira, adibidez, tabernak, eta, gainera, ideia eta formatu berriekin esperimentatzeko bidea ematen dute. 33. edizioren ondoren, Poltsiko Antzerki Jaialdiak ikuslego finkoa duela nabarmendu du antolakuntzak eta urtero jarraitzaile gehiago erakartzen ditu.
Poltsiko Sorkuntza saria
Edizio honetan ere Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren aurtengo deialdiko obra irabazlea ere ikusteko aukera egongo da: AmaHiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundu antzezlana. Lan taldea, Iñaki Ciden zuzendaritzapean eta Eneritz Sanchez eta Iñigo Eloseguiren antzezleekin egin dute bat proiektu honetarako.
Bigarren saria Itzuli Baionako taldearen Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! bakarrizketarentzat izan zen eta edizio honetan estreinatuko dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “jaialdiak programa zabala eskainiko du edizio berri honetan, umorea, magia, mentalismoa, bakarrizketak, musika… izango dira, hain zuzen, jaialdi honen osagai nagusiak”. Aurten, jaialdiak programazio hurbilago eta parte-hartzaileago baten aldeko apustua egin du. Horretarako, inprobisazioan aritzen diren hainbat antzerki-talde gehitu dira, ekitaldia herritarrengana gerturatzeko eta haien parte-hartze zuzena sustatzeko helburuarekin. Besteak beste, Impro Impar eta Terapia de Grupo taldeak izango dira, gaztelaniaz arituko direnak; eta Inprofestakzioa, talde nafarra, euskaraz arituko dena. “Helburua da giro dinamiko, espontaneo eta eskuragarriagoa sortzea, ikusleek ikusle izateaz gain, jaialdiaren parte aktiboa izateko aukera izan dezaten”.
Guztira, 16 konpainia arituko dira eta 31 emanaldi egingo dituzte. Emanaldiak hiriko 27 espaziotan banatuko dira.
Jaialdiko azken larunbatean Convent Gardeneko kriptan egingo den festan (maiatzak 24), Gurutze Beitiak Yo Y mis circustancias ikuskizuna aurkeztuko du eta Antton Telleriak aldiz, Ninini ikuskizuna.