Postal Kolekzionistak taldeak ‘Palestina, herri zapalduen kanta’ izeneko abestia aurkeztu du

Ezusteko Kantak lanaren barruan dator abesti berria.

Postal Kolekzionistak talde tolosarrak Palestina, herri zapalduen kanta izeneko abesti berria dakar, Ezusteko Kantak lanaren barruan dator abestia, eta bere garaian diskoa erosi zutenek postal bat jaso dute egunotan, kanta publikatu aurretik entzun ahal izateko.

Postala bera Roman Eguia margolari mexikarraren koadro batetik abiatu da, taldeko Iñigo Asensiok aurten ezagutu du Eguia Mexiko Iparraldean, Ezusteko Kantak lana aurkezten ari zela. “Kuriosoa da, Mexikon asko egonagatik nik ez nekien halako komunitate palestinarra zegoenik Torreonen, eta han kontzertua ematean ezagutu nituen palestinar komunitateko hainbat kide, eta hauetatik oso gertu dagoen Roman Eguia margolaria ere bai. Abestia erakutsi nion, irudia sortzea proposatu, eta Romanek koadro hau eskaini digu kantuarekin batera bidea egin dezan”, azaldu du taldeko abeslari eta kantugileak.

Kantuaren izena bat-batean sortu zen hausnarketa batetik abiatuta; “herri zapalduak soilik abesten ote dio herri zapalduari?”, dio kantak. “Hala pentsatu nuen, Euskal Herrian badugula herri zapalduei abesteko, euren alde kantatzeko joera berezia, ziurrenik, finean, gu ere herri zapaldu bat garelako”.

Abestia irailaren 11n kaleratuko du taldeak, eta udazkenean ariko dira zuzenean hainbat oholtzetan. Urriaren 6ean, esaterako, Tolosako 3 Tabernan izango dira formatu akustikoan. Urriaren 26an, berriz, Tabakalerako Kutxa Kluba Aretoan, 30ean Toledon eta azaroaren 1ean Madrilen, besteak beste.

Zabaldu:

Utzi erantzuna