Potx eta Lotx pailazoek hegan egingo dute aurkeztu berri duten abenturan

Abenduaren 26an estreinatuko dute ikuskizun berria Bilboko Campos Eliseos antzokian eta sarrerak salgai daude jada. Gainera, diskorik gabeko diskoa jarriko dute eskuragarri Durangoko azokan liburuxka formatuan.

Potx eta Lotx pailazo oñatiarrak Aireportuan izenezko denboraldi berria aurkeztu dute. Izan ere, aireportu batean ikusiko dugu aurten pailazo bikotea eta hainbat abentura biziko dituzte bertan. Hori ez ezik, diskoa formatu berritzaile batean kaleratuko dutela iragarri dute eta Gasteizko Foronda aireportuan grabatu berri duten bideoklipa ere estreinatu.

Hala, Bilboko Campos Eliseos antzokian estreinatuko dute ikuskizun berria abenduaren 26an Potx eta Lotx pailazoek. Beraien txikitako ametsa betetzear daudela, bizitza okertu egiten zaie eta Los Angelesera bidaiatu beharrean Gasteizera egin beharko dute bidaia. Porrot horren aurrean ordea, pailazoek erresilientzia jarrera hartuko dutela adierazi du Itziar Arkauzek (Lotx) Lotx, eta hortik abiatuko da beraien abentura berria: “Porrot bat gertatzen denean inertziak eramaten gaitu etsipenera baina Potx eta Lotxek horri buelta eman eta jarrera erresiliente batekin egingo diote aurre egoerari. Horren ondorioz, aireportuan abentura pila bizitzeko aukera izango dute”.

Josu Zubiak (Potx) gehitu duenez, “gainontzeko ikuskizunetan bezala, oraingoan ere jendearentzat ispilu bat izan nahi dugu: askotan egozten zaie oholtzan daudenei funtzio pedagogiko bat baina guk hortik irten nahi dugu. Ez diogu jendeari esango zer dagoen ondo eta zer dagoen gaizki, ez gara ezeren adibide. Publiko kritiko bati eskaintzen diogu gure ikuskizuna eta bakoitzak hausnar dezala ikusten duenaren inguruan”. Funtzio horretan, azpi gai asko jorratzen dira ikuskizunean. Hala nola, gezur txikiak, kontrola eta boterea edo zer erakusten dugun eta zer garen.

Bilboko estreinaldiaren ondoren, Abenduaren 28an Oñatiko Santa Ana antzokian ikuskizun bikoitza eskainiko dute. 29an Leioan eta Urtarrilaren 3an eta 4ean Barañainen eta Legorretan egongo dira.

Diskorik gabeko diskoa

Aurtengo berezitasunetako bat diskorik gabeko diskoa da. Oraingo honetan liburuxka formatuko euskarri bat kaleratuko dute pailazoek eta abestiak entzun ahal izateko barruan dagoen QR kodea eskaneatu beharko da mugikorrarekin. Gainera, zabalkundean apustu berezia egin eta liburuxkak QR kodea izango duten paperezko bi hegazkin egiteko aukera ekarriko du. Ondoren, maite dugun lagun horri hegazkina bidali eta abestiak konpartitu ahal izateko.

Potxek eta Lotxek aurten lehenengoz, standa jarriko dute Durangoko azokan eta bertan izango da beraien disko liburuxka berritzaile hau eskuratzeko aukera. Horrez gain, aurkezpen ofiziala egingo dute Saguganbaran, abenduaren 8an 15:30ean.

Urtero bezala, Pernan Goñi ilustratzaileak egin ditu liburuxkako ilustrazioak eta Oñatiko Txinparta Bertso eskolako lagunek jarri dituzte abestien hitzak. Zubiak jarri dizkio doinuak letrei Oriol Flores bateria jotzailearekin eta Xabi Yaniz gitarra jotzailearekin. Zubiak adierazi duenez, “sei abestiz osatutako disko honetan soinu berriak izango dira protagonista eta abesti landuagoak dira aurtengoak”. Gaztain estudioan grabatu dituzte kantak Eñaut Gaztañagaren eskutik.

Hegazkinak Euskal Herri osoan zehar

Berritasunak berritasun, liburuxkako hegazkinekin nahikoa ez eta pailazo taldeak Euskal Herri osoan hegazkinak banatzeko erronka jarri dio bere buruari. Horrela eman du Potxek erronkaren berri: “Gure abestiak lau haizetara elkarbanatzeko euskarriak dira paperezko hegazkinak. Euskal Herri guztia hegazkinekin beteko dugu eta aurkitzen dituenak, QR kodea sartu ahal izango du gure abesti berriak entzuteko. Ondoren, hegazkina leku berean utzi edo beste nonbaiten uzteko proposamena luzatzen dugu, hala kate eta sare erraldoi bat sortuz”.

Lotxek gehitu du gainera, Debagoienean ez ezik, Durangoko Azokak irauten duen bitartean, hegazkinak ere arituko direla herritik bueltaka eta hiriburuetara ere iritsiko direla, noski.

Zabaldu: