Praktikaturen Mintzalagun egitasmoa Ipar Euskal Herrira helduko da lehen aldiz

Donibane Lohizunen, Getarian, Urruñan eta Ziburun antolatuko dira mintzalagun taldeak.

Praktikatu euskaraz gurekin, erraza da, horixe da AEKren Praktikatu zerbitzuak 2023-2024 ikasturterako abiatu duen kanpainaren leloa. Urriko lehen egunetan hasiko dira elkartzen berbalagunak, mintzakideak eta mintzalagunak. Ikasturte berrian 95 herritan egingo dute: hasi Garraldatik eta Lanestosaraino edo Tuteratik Zumaiaraino. Aurten, gainera, bada berritasun bat: lehenbizikoz, mintzalagun taldeak antolatuko dira Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohizune, Getaria, Urruña eta Ziburun, hain zuzen.

Orain arte egin duen bezala, AEKren Praktikatu zerbitzuak euskarazko aisialdia sustatzen jarraituko du ekintza osagarrien bidez. Joan den ikasturtean, esaterako, 350 ekintza baino gehiago antolatu ziren, besteak beste tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, udako ibiltaria, Zilegi Asteak…

Horretaz gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera jarraituko du aurten ere, elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera sustatuta. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere jarraituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak antolatzen, helduek eta haurrek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera izan dezaten. Eta, azaroan, online taldeak ere abiatuko dira. Parte-hartzea doakoa izango da, eta kide guztiek deskontuak eta sariak lortu ahal izango dituzte.

Informazio gehiago eskuratu edo izena emateko: www.praktikatu.eus

Zabaldu: