(argazkia: Tabakalera)

Priscila Fernandesen ‘Zaldiek amesten dutena’, arte garaikidea familian esperimentatzeko erakusketa, Tabakaleran ikusgai

Erakusketa abuztuaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Lau Pareta aretoan.

Zaldiek amesten dutena izeneko erakusketak artearen bidez irudimena aktibatzeko, jolasteko, ikasteko eta esperimentatzeko aukera eskaintzen du. Priscila Fernandes (Coimbra, Portugal, 1981) artistak sortu du erakusketaren espazio interaktiboa, Situ-akzioak proiektuaren hirugarren edizioa alegia, eta Tabakalerako arte garaikideko eta hezkuntzako arloekin batera lan egin du. Situ-akzioak proiektuaren xede nagusia da arte garaikidea haurrei hurbiltzea, eta, horregatik, Trintxerpe-Pasaiako IPI Karmengo Ama eskolako familien eta haurren talde baten laguntza izan du.

Erakusketan heroiaren nozioa zalantzan jartzen du artistak, gaur egun krisian dagoen kontzeptua: “Gure heroien omenez egindako monumentuei buruz gehiago ikasten dugun heinean, ulertzen dugu gure historia nahasia dela. Batzuk goraipatu ditugu eta beste batzuk ahaztu. Kolonizatzaileen indarkeriari eta dominazioari buruz ikasi dugu, haien botereari eta arrakastei buruz; lehen estatuen bidez goraipatzen ziren, eta orain mundu osoan estatua horiek botatzen ari dira”.

Zaldiek amesten dutena lanak norbanakoak munduko gertakariekin dituen harremanak aztertzen ditu eta artearen bidez espazio bat proposatzen du, boterearen eta pribilegioaren adierazpenetatik ihes egiteko.

Artista zaldiaren irudi erretorikoan oinarritzen da, historikoki jabeen menpe zegoelako, eta askatu egiten du, narratiba berriak imajinatzeko.

Laburbilduz, erakusketak heroiaren nozioa irauli nahi du, eta gurea egin.

Imajinatzeko espazioa

Erakusketa abuztuaren 27ra arte bisitatu ahal izango da, Lau Pareta aretoan, Tabakalerako lehenengo solairuan. Aretoko paretak hainbat marrazkiz osatutako mural handi batez daude estalita. Murala honako irudi hauek osatzen dute:  IPI Karmengo Ama eskolako haurrek egindako marrazkiek, familia-talde batek etorkizunari buruz sortutako imajinarioaren irudiek eta artistak orainaren inguruan duen ikuspegiaren irudiek.

Muralarekin batera, hamabi zaldi mekaniko inguru daude aretoan. Zaldi horiek proiektuan parte hartu duten familiek diseinatutako buruak dituzte, eta espazioan zehar lauhazka ibiltzeko balio dute. Gelaren erdian kokatutako plataforma batek ikusleak mozorrotzera, erlaxatzera, poemak irakurtzera eta zaldi-eskulturei buruzko ikuspuntu berriak hartzera gonbidatzen ditu.

Begiratzea, entzutea edo lauhazka ibiltzea proposatzen du erakusketa berriak. Ozen irakurtzea, musika erritmikoki jarraitzen saiatzea eta nork berea asmatzea. Laburbilduz, Zaldiek amesten dutena kontakizunak (oraingoak eta etorkizunekoak) jolasaren bidez imajinatzeko eta eraldatzeko proposamena da.

Poema-bilduma eta soinu-sorkuntza

Deskribatutako edukiez gain, erakusketak Rusted Armour, Skin of Dreams (armadura herdoildua, ametsez betetako azala) poema-bilduma izango du. Bilduma hori Fernandesek berak Terje Ǿverasekin sortu du. Olerki liburua da, bi zaldi-eskulturak duten premiari buruzkoa. Zaldi horiek idulkietatik salto egin eta euren nagusiak abandonatzen dituztela irudikatzen dute. Halaber, Fran MM Cabeza de Vaca artistak erakusketarako soinuzko paisaia sortzen lagundu du.

Zabaldu: