Udalak eta Foto Colectania fundazioak omenaldia egin nahi izan diote 1960ko hamarkadan eraginik handiena izan zuen argazkilariari, ironiaz dokumentatu baitzuen gerraostea.
Abuztuaren 28ra arte egongo da ikusgai Ramon Masatsen antzinako argazkien erakusketa, Iruñeko Kondestablen. Argazki batzuk duela gutxira arte inoiz erakutsi gabekoak dira eta denak egileak berrikusitakoak. 2024an zendu zen Masats, 92 urte zituela, eta lan berezia utzi zuen: “argazkilaritzarako intuizio handia zuen; erradikala zen benetan, eta ironia handiz landu zuen gerraosteko kultura. Garai horretan bizi izan zen argazkilaria, eta ezaugarri horiek guztiak islatu zituen argazkietan. Artista polifazetikoa zen, eta argazkilaritza berritu ez ezik, zineman eta telebistan ere aritu zen. Argitaratu zituen argazki-bilduma batzuk literatoekin eginiko elkarlanarekin lotuta daude: hala nola Ignacio Aldecoarekin eta Miguel Delibesekin aritu zen lanean”, azaldu dute antolatzaileek.
Ramon Masats, argazkilari isila erakusketa osatzeko Sonia Masats Santamaria argazkilariaren alabak aitaren artxibo pertsonala antolatzaileen esku jarri du.
Iruñeko Kale Nagusiko 2.eko jauregiko lehen solairuan jarri dute erakusketa, bi areto nobleetan, eta argazkilariaren bilduma adierazgarrienetako 133 argazki bildu dituzte, hala nola Bartzelonako Ranblak eremuaren ikuspegi berri bat islatzen duen bildumakoak, eta Neutral Corner boxeoari buruzko 1962ko argazki-liburu ezagunekoak. Halaber, erakusketa horretan lehen aldiz ikusi ahal izango dira hirian beste argazki-liburu bateko antzinako jatorrizko argazkiak: Sanferminak bildumakoak, alegia.
1963an argitaratu zuen, eta erakusketan jarritako argazkiak egileak berak hautatu eta maketatuak dira. Masatsen lehenetariko lanak ere jarri dituzte ikusgai. Argazkilariaren lehen sorkuntza-garaia bildu dute erakusketan, 1953an hasi zenetik 1965era arte. Urte horretatik aurrera utzi egin zuen argazkilaritza hamar urtez baino gehiagoz, eta zineman eta telebistan aritu zen epe horretan. Gero, argazkilaritzari heldu zion berriz, baina koloretan oraingoan.
Erakusketako testuak Jaume Fuster idazlearenak dira: Masatsek argazkilaritzan eginiko ibilbidearen inguruan idatzi zuen doktore-tesia. Soniak lagundu dio Foto Colectania fundazioari argazkiak antolatu eta hautatzen. Argazkilari klasiko handietako bat izan zen Masats, eta Iruñeko erakusketaren helburua da beste ikuspegi batetik egilea begiratzea, hil aurretik berorrek berrikusitako irudi argitaragabeak eta jatorrizko kopiak erakutsiz.