(argazkia: Bilboko Udala)

Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene’ aukeratu dute Klasikoen XIII. Irakurraldi Jarraiturako

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurraldia ekainaren 8an izango da Arriaga antzokian.

Irakurketarako zaletasuna bultzatzeko asmoz, aurten ere Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egingo dute ekainaren 8an, Bilboko Arriaga antzokian. Hamabosgarren edizio honetarako Ramon Saizarbitoria idazlearen Martutene eleberria aukeratu dute. Hala, Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak euskal kultura zein gizarte edo kirol arloko hainbat lagun ezagunekin batera, idazlearen obra irakurtzen arituko dira, txandaka, sei orduz luzatuko den etengabeko irakurraldian. 08:00etatik 14:00etara egingo da, eta azken bi edizioetan egin duten bezala, aurten ere oraindik formatu murriztua izango du, pandemiaren gorabeherak direla eta.

Idazle donostiarrak 2012an kaleratu zuen Martutene. Bi bikoteren harremanak kontatzen ditu, atzerritar neska gazte bat tarteko, eta Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago. Hainbat arlo jorratzen ditu Saizarbaitoriak eleberri honetan: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka, besteak beste. Euskadi Literatura Saria jaso zuen.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Martutene 1989tik 2012ra arteko aroari amaiera ematen dion eleberria dugu. “Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, bortizkeriarena, gastronomikoa, artistikoa, musikakoa eta abar”.

Idazleak berak irakurriko ditu eleberriaren lehenengo lerroak Bilboko antzokian, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan.

Gainera, aurten ere Bilboko institutuetako ikasleek hartuko dute parte, eta gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Zehazki, ikasleek euskarri digitalean grabatuko dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere sartuko dira euskal diasporako kideak, 50 euskal etxeren bitartez.

Saizarbitoriaren omenezko hitzaldiak

Irakurraldi Jarraituaren aurretik, baina, Bilbo Zaharra euskaltegiko Forum-ak idazlearen omenezko hiru hitzaldi antolatu ditu. Otsailean izan zen lehena, eta datozen egunetan beste bi eskainiko dira. Datorren astelehenean, esaterako, Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hartuko dute parte, eta ekainaren 7an, berriz, Laura Mintegi eta Ur Apalategi arituko dira. Solasaldiak Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira, arratsaldeko 19:00etan.

Zabaldu: