(argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa)

Remigio Mendibururen hiru hamarkadako lana bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak

Euskal eskultore honen izaeran sakontzen du erakusketak, ehun pieza (eskulturak eta paper gaineko lanak) ingururen bitartez. Mendiburu. Materia eta memoria izeneko bilduma irailaren 5era arte bisitatu ahal izango da Bilboko museoan.

Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990) XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskultorerik nabarmenetako bat izan zen. Euskal artea berritu zuen sortzaileen artean dago, Eduardo Chillida, Rafael Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Nestor Basterretxea eta Jose Luis Zumetarekin batera. Irailaren 5era arte, bere ibilbidearen errepasoa egiten duen erakusketa egongo da ikusgai Bilboko Arte Eder Museoan, Mendiburu. Materia eta memoria izenburupean.

Chillidak eta Oteizak, hastapenetan batez ere, abian jarritako berrikuntza eskultorikoaren testuinguruan, Mendiburu gai izan zen bestelako interes eta prozedurak zituen lana sortzeko; egurra izan zen haren material nagusia, eta bertako kultura hartu zuen eskultura guztiz pertsonal eta garaikidea sortzeko abiapuntu gisa.

Juan Pablo Huercanos komisariatutako erakusketa honek Henri Bergson filosofoaren izen bereko lanari zor dio izenburua: Mendiburu. Materia eta memoria. Artistaren izaeran sakontzen du erakusketak, ehun pieza (eskulturak eta paper gaineko lanak) ingururen bitartez. Mendibururen ibilbide osoa biltzen da lan horietan: 1950eko hamarkadako lehenengo obretatik 1980ko hamarkadara arte. Lan horietako asko ezezagunak dira.

Zabaldu: