‘Robotia’ filma estreinatuko dute gaur, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoetan

Dibulitoon Studio ekoiztetxearen koprodukzio honetan, Leire Martinez abeslariak eta Jon Plazaola aktoreak hartu dute parte protagonisten ahots bikoizketarekin. Soinu bandaren egilea, berriz, Joseba Beristain da. 

Diego Cagidek eta Diego Lucerok zuzendutako Robotia filma estreinatuko dute gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoetan, Zinema Euskaraz programaren eskutik.

Haurrentzako animazio lan honetan, androidez osatutako mundu batean, fabrika batean bi robot nola eraikitzen dituzten ikusiko dugu, material berarekin eta aldi berean. Hala ere, urteak pasatuko dira bi robotek topo egin arte. Oso izaera desberdinak dituzte biek, baina futbola maite dute. Alexek uste du ezin duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten jolasten. Baina, robot talde zoragarri eta zoro batekin batera, futbol zelai batean elkartuko dira.

Dibulitoon Studio ekoiztetxearen koprodukzio honetan, Leire Martinez abeslariak eta Jon Plazaola aktoreak hartu dute parte protagonistei ahotsa jarriz. Soinu bandaren egilea, berriz, Joseba Beristain da.

Filma Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) zinema aretoetan proiektatuko da.

Zineuskadik iragarri duenez, datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere ikusi ahal izango ditugu Zinema Euskaraz programaren barruan: abuztuaren 14an, esaterako, Buffalo Kids filma estreinatuko dute eta abuztuaren 27an, Inseparables.

Robotia Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten proiektatuko den seigarren filma da, Lagunak, erreskatera! lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzeko asmoz.

Zabaldu: