RubiK al Kuadrado konpainiaren ‘Oniro’ proiektua hautatu dute Getxoko Juana Bizkarra Egonaldi Artistikorako

Proposamena familientzako antzerki bisualeko ikuskizuna da eta nerabezarorako trantsizioan haurren beldurren mundua jorratzen du. Ikuskizunaren aurrestreinaldia irailaren 17an eta 18an egingo da Muxikebarrin.

Estitxu Zalduak eta Juanjo Herrerok osatzen duten RubiK al Kuadrado euskal konpainiaren Oniro izeneko proiektua hautatu dute Getxoko Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren seigarren ediziorako. Antzerki bisualeko pieza da, eta aktore-lan, txotxongilo eta objektuen erabilera uztartzen ditu. Publiko familiarrari zuzendutako lan honek haurtzaroak nerabezaroari lekua uzten dion heinean sortzen hasten diren beldurrak jorratzen ditu eta, bere istorioaren bidez, pertsona ororen hazkunde pertsonalaren parte diren beldur horiek aitortu eta onartzea du helburu. Proiektu berria sortzeko egonaldia Algortako Muxikebarri zentroan izango da, lau astez, abuztu eta irailean. Hori amaitutakoan, konpainiak antzezlana aurrestreinatuko du bertan, irailaren 17an eta 18an, eta, aurretik, irailaren 16an, entsegu irekia izango da.

Piezak Luna izeneko 10 urteko neskaren istorioa kontatzen du. Familiarekin eta txakurrarekin bizi da protagonista, eta azken aldian ezin du lorik hartu, haurtzarotik urruntzen duten beldur berriak sentitzen hasi baita, heldutasunera hurbiltzeko. Bakardadea, banaketa eta heriotza dira gehien kezkatzen duten gaietako batzuk. Beldur horien eszenatokia ametsen mundua besterik ez da, non ametsei aurre egin beharko dien eta bere hazkunde pertsonalaren parte direla ulertu beharko duen.

Getxo Kulturak azaldu duenez, “euskal inauterietako eta beste jatorri batzuetako pertsonaietan inspiratuta, antzerki-agertokietan ohikoa ez den baina unibertsala den gai bat hurbilduko die txikiei eta helduei, pertsona orok bere bizitzan bizi dituen bizipenak jorratzen baititu”.

Gainera, gai honetan sakontzeko, proiektuak txosten pedagogiko bat izango du, obrako gai nagusiak ikastetxeetan lantzeko balioko duena.

Zabaldu:

Utzi erantzuna