Hitzordua martxoaren 22an izango da Bilboko Arriaga antzokian. Sarrerak salgai daude jada Loraldiaren webgunean.
Ruper Ordorikak eta Mugalariak taldeak Lurra ikutu barik diskoaren (2025) aurkezpen kontzertua eskainiko dute hilaren 22an, arratsaldeko 19:00etan Arriaga antzokian. Zuzenekoak disko berriaren kantuak ez ezik, Ordorikaren ibilbide sendoaren izaera bera erakutsiko du: hitzaren zehaztasuna, soinuaren bilaketa eta zuzenekoaren indarra.
Loraldia Festibalak adierazi duenez, “zuzenekoak disko berriaren unibertsoa eramango du Arriagako eszenatokira: kantu berriak lehen planoan, eta Ordorikaren ibilbidean beti funtsezkoa izan dena azaleratuta: interpretazioaren zehaztasuna eta taldearen soinu-arkitektura”.
Mugalariak taldeari dagokionez, Arkaitz Miner (gitarra, bibolina, mandolina), Lutxo Neira (baxua), Hasier Oleaga (bateria) eta Nando de La Casa (perkusioak eta teklatuak) musikariak igoko dira oholtzara Ordorikarekin batera.
Lurra ikutu barik
Hamaika kantu berri biltzen ditu Ordorikaren Lurra ikutu barik izeneko diskoak. “Hamaika abesti eder eta iradokitzaile, egileak ohi duen bezala, eta, aldi berean, inoiz baino urrutiago eramaten gaituztenak”, adierazi zuen Elkar diskoetxeak lanaren aurkezpenean, iazko urrian.
2024an Bakarka bi diskoa aurkeztu ondoren, lan berri bati ekin zion musikariak, eta jardun horren fruitua da, urtebete geroago, Lurra ikutu barik. Oñatiarra sortzez, eta, musikari dagokionez, hiritar planetarioa den Ruperrek honako musikari hauek izan ditu lagun diskoa grabatzeko tenorean: Leo Abrahams, gitarrak eta teklatuak (Eno, Blur, Anohni…); Kenny Wollesen, bateria eta bibrafonoa (John Zorn, Bill Frisell…) eta Jon Thorne, kontrabaxua (Lamb…). “Puntako musika-giro honetan, ohiko laguntzaile dituen Arkaitz Miner eta Dani Perezen ñabardurekin batera agertzen dira musikari oñatiarraren istorio iradokitzaileak, bere lekutik, parerik ez duen lekutik, kontatutakoak”.
Ordorikak bere testuak ez ezik, Tonino Guerra, Javier Aguirre Gandarias edo Eva Linazasororen hitzak musikatu ditu, baita Testamentu Zaharreko pasarteak ere.