Ruper Ordorikak ‘Lurra ikutu barik’ diskoa plazaratu du

Diskoa aurkezteko lehen kontzertua abenduaren 7an izango da Larzabalen. Abenduaren 13an, berriz, Donostian izango da, 20an Bilbon, 23an Arrasaten, 27an Azkoitian eta urtarrilaren 3an Gasteizen.

2024an Bakarka bi izeneko diskoa aurkeztu ondoren, lan berri bati ekin zion Ruper Ordorikak, eta jardun horren fruitua da, urtebete geroago, Lurra ikutu barik.

Lan berria grabatzerako orduan, Leo Abrahams, gitarrak eta teklatuak (Eno, Blur, Anohni…); Kenny Wollesen, bateria eta bibrafonoa (John Zorn, Bill Frisell…); eta Jon Thorne, kontrabaxua (Lamb…) izan ditu alboan oñatiarrak. Gainera, ohiko laguntzaile dituen Arkaitz Miner eta Dani Perezen ñabardurekin batera agertzen dira “Ordorikaren istorio iradokitzaileak, bere lekutik, parerik ez duen lekutik, kontatutakoak. Orotara, hamaika abesti indartsu baina limurtzailek osatzen dute Lurra ikutu barik disko sakon eta inspiratzaile hau”, adierazi du Elkar diskoetxeak.

Ordorikak, bere testuak ez ezik, Tonino Guerra,  Javier Aguirre Gandarias edo Eva Linazasororen hitzak musikatu ditu, baita Testamentu Zaharreko pasarteak ere.

Hogei disko baino gehiago plazaratu eta gero, sendo baino sendoagoa da musikariaren ibilbidea. Eta, hala ere, “Lurra ikutu barik lan berri honekin musikariak urrats bat harago eramango gaituela nabarmendu du diskoetxeak.

Diskoa Victor Sanchez soinu teknikariak grabatu eta nahastu du Adunako Elkar estudio berrian. LP zein CD formatuetan ikusi du argia lanak, Ramon Zuriarrain margolariaren azal adierazgarri batean bilduta.

Elkarrek nabarmendu duenez, “diskoak geruza eta ñabardura asko ditu, baina Ruperren disko bat da, bete-betean. Musikari handi baten lan berria”.

Diskoa aurkezteko lehen kontzertua abenduaren 7an izango da Larzabalen. Abenduaren 13an, berriz, Donostian izango da, 20an Bilbon, 23an Arrasaten, 27an Azkoitian eta urtarrilaren 3an Gasteizen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna