Urriaren 18an jarri dute hitzordua, Miribillako Bilbao Arenan.
Euskal Metalheads Kultur Elkarteak bi hamarkada bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, urriaren 18an jaialdia antolatu du Bilboko Bilbao Arenan. Euskal Metalheads Fest jarri diote izena ekitaldiari, eta helburu argi batekin jaio dela adierazi dute: “Metal musika gizartean sustatzeko behar adina bideragarria izatea, kalitatezko hitzordu baten bidez, non taldeei zein publikoari arreta nagusia eskainiko zaien, ohiko agentzia zein promotoreen interes merkantilistetatik urrun.
“Zaleek sortu eta zaleentzako egindako jaialdi autogestionatua” dela diote antolatzaileek, “gastuak estaltzea baino ez du helburu, inolako irabazi asmorik gabe”. Horregatik, iazko azaroan, kartel osoa ezagutu aurretik, sarreren salmenta abiatu zuten (kudeaketa-gasturik gabe) eta, egun, pistako sarrera guztiak agortuta daude.
Gainera, merchandising mota askotako salmentarekin lagundu dute. Antolakuntzak berak nabarmendu duenez, “gu ere zaleak gara, zuen moduan, promotoreen gainetik; badakigu zer behar den gozatzeko jendeak iruzur-sentsaziorik izan ez dezan. Ez dugu dirua irabazi nahi; ez galtzea besterik ez”.
Su Ta Gar talde eibartarra izango da oholtzara igotzen lehena. Taldeak Alarma diskoarekin biran jarraitzen du. Zarauzko Eraso! ere izango da taula gainean, ia 30 urteko ibilbidearen ostean, “agur bira egingo dute, dotorezia eta maila handiz, euren zortzigarren diskoarekin: Azken batean”. Zarauztik bertatik etorriko da baita ere Anestesia taldea, “1988an sortu zenetik egiten dutena egiteko gogo biziz: euren Thrashcore bereizgarriaren bidez gure entzumenak astintzea”.
Bestalde, Crisix thrash talde katalana ere izango da jaialdia. 16 urteko ibilbidearen ondoren, taldeak urte hasieran atsedenaldi mugagabea iragarri zuen, eta orain, eten berezi bat egingo du urteurreneko ospakizun honetan parte hartzeko.
Estatu espainiarretik, Albacetetik zehazki, Angelus Apatrida taldea helduko da Bilbora. “Aftermath disko sendoa argitaratu ondoren, zalantzarik ez da, mundu mailan Thrash Metal estiloko estatuko erreferenterik handiena direla argi utzi dute”.
Soziedad Alkoholika taldeak osatuko du kartela. Antolatzaileen esanetan, “Estatu mailako crossover thrasharen erregeak dira: hiru hamarkada hauetan zehar agertokiak astindu dituzte, eta euren jarraitzaile leialen olatu handi bat eratu dute, Euskal Herrian, eta baita nazioartean ere”.
Topaketa mitikoa
Euskal Metalheads Kultur Elkarteak topaketa hau mitikotzat jo du, “harrigarria badirudi ere, denek ibilbide luze eta arrakastatsua izan arren, “euskal ordezkari horiek lehen aldiz elkartuko dira kartel berean”.
Informazio gehiago eskuratzeko, www.euskalmetalheads.com webgunea kontsulta daiteke, baita euren sare sozialetan ere. Halaber, www.divertisenvivo.com webgunean erreserbatu daitezke jaialdirako autobusetako plazak; ibilbideak toki askotatik aterako dira, besteak beste, Altsasu, Arrasate, Beasain, Donostia, Eibar, Errenteria, Gasteiz, Irun, Iruña, Ordizia, Tolosa eta Zarauztik.