(argazkia: GFA)

Sahatsa Jauregiren ‘Aizkora’ antzezlana ikusteko bisita berezia antolatu dute gaur, Irungo Gordailuan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Gordailuak lau bisita antolatu dituzte Sahatsa Jauregi artistaren lana Gordailuan ikusteko. Ekainean eta uztailean izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Bisita “bereziak” dira, gaur egungo artea kontserbatzeak dakarren “erronka” ezagutarazteko, eta zehazki Sahatsa Jauregiren Aizkora, lur eta urezko obra.

Lehenengo bisita gaur, ekainak 28, izango da, 13:00etan, gaztelaniaz. Uztailean ere bi bisita antolatu dira: uztailaren 5ean, ostirala, 13:00etan euskaraz eta uztailaren 17an, asteazkena, 17:00etan gaztelaniaz.

Jauregiren esanetan, “Aizkora erakutsi nahi den bakoitzean eraikitzen den pieza da, eta dagoeneko baztertuta zeuden aizkora molde zaharretan oinarritzen da. Molde horiek hondarrez betetzen dira, kendu egiten dira eta beren aztarna markatuta gelditzen da. Ikusleak aizkorak utzi duen zuloaren bidez identifika ditzake aizkora ahoak, eta horrek pieza arkeologikoaren itxura ematen dio obrari”.

Goizane Alvarez diputatuak azaldu duenez, “lan hau Gipuzkoako artisautza tradizioaren omenez eta islatzen duen kultura ondare bakana babesteko ekintza gisa eskuratu genuen. Arte garaikideak eta aizkorak fabrikatzeko antzinako teknikak bat egiten dute bertan”. Izan ere, obra egiteko elkarlanean aritu dira, batetik, Sahatsa Jauregi artista eta, bestetik, haren osaba Joxe Ramon Jauregi, Europan aizkorak modu tradizionalean egiten jarraitzen duen azken artisaua.

Jauregik 2023ko ARCO saria irabazi zuen eta bere ibilbideak arte garaikidean egindako esplorazio sakon bat du ezaugarri nagusi, Arte Ederretako hasierako ikasketetan eta ondorengo doktoregoan errotua, non porrotaren erakarpenaren inguruko nozio konplexuak ikertu zituen. Harrezkero, banakako eta taldeko hainbat erakusketatan protagonista izan da bere lana, eta nabarmentzekoa da Eduardo Txillidaren eta Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko Donostiako Tabakalera zentroan 2024an egindako erakusketan parte hartu izana. Gainera, erakusketen diseinatzaile gisa egindako lanak eta bere ibilbidean zehar lortutako aintzatespenek egungo arte panoraman duen eragina eta egindako ekarpena azpimarratzen dituzte.

Zabaldu: