Katu ileak txandaletan proiektuarekin jaso du Alkaizak 28. edizioko Igartza saria. Idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da Igartza eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero.
Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991) dugu aurtengo Igartza Literatura Beka sariaren irabazlea. Olatz Mitxelenak, Esti Martizenek eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak hala erabakita jaso du saria nafarrak Katu ileak txandaletan nobela proiektuarekin.
Eleberri proiektuak pobreziak eta biolentziak markatutako familia bateko alaba du protagonistatzat, Nahia, helduarora iritsita bizitza “normal” bat eduki nahi duena. Hainbat zalantza existentzial bizi ditu Nahiak: alkoholikoa izan eta gero minbizia duen aitarekin ze harreman eduki; beste batekin joan den bikote-kideak utzi dion traizio sentsazioa nola kudeatu; amatasunerako azken aukeren aurrean zer egin, lan egonkorrik ez edukitzea… Dramazkoa dirudien fondo horretan, ordea, ez dugu topatuko errukirik edo autosuperaziozko diskurtsorik, eta bai aldiz ironia eta umorea.
Alkaiza kazetaritzan ere ibilia den arren, bertsolari gisa nabarmendu da batez ere, eta horrez gain literaturaren arloko hainbat sari ere irabazi ditu, bakarkako libururik orain arte egin ez badu ere.
Idazle gazteak laguntzeko saria
Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek 28. edizioa bete du. Igartzako jauregian elkartu dira sari emate ekitaldian irabazlea zein hiru erakundeetako ordezkariak. 16 izan dira 28. edizio honetara aurkeztutako lanak. Sariak 10.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza