(argazkia: Elkar argitaletxea)

Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza sariari, Palestinako genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko

Nafarrak nabarmendu duenez, “Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu. Genozidioaren konplize den enpresak kulturaren bidez zuritu nahi izan du bere burua, eta fokua behar den lekuan kokatu beharra dago: Palestinaren kontrako genozidioan”.

Joan den asteazkenean XXVIII. Igartza saria jaso zuen Saioa Alkaiza bertsolari eta idazleak Katu ileak txandaletan izeneko nobela proiektuagatik. Orain, berriz, bekari uko egitea erabaki du eta halaxe jakinarazi du zabaldu duen ohar baten bidez. Testuan azaldu duenez, “Palestinar herriaren kontra gauzatzen ari den genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko” hartu du erabakia. Izan ere, Igartza sarian CAF enpresa diru-emaile nagusietako bat da eta nafarrak aukera hau palestinar herriarekiko elkartasuna adierazteko baliatu nahi izan du.

Alkaizak nabarmendu duenez, “Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu. Genozidioaren konplize den enpresak kulturaren bidez zuritu nahi izan du bere burua, eta fokua behar den lekuan kokatu beharra dago: Palestinaren kontrako genozidioan”.

Nazio Batuen Erakundeak Palestinan duen kontalariak kaleratu berri duen txostenean, “CAFen jarduera jopuntuan jarri du, gerra krimenetatik etekina ateratzen duen enpresetako bat delako, eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari den trenak palestinarren burujabetzaren kontra egiten duelako”, azaldu du Alkaizak.

Gauzak horrela, “Israelgo estatu sionistaren aurka euskal kultura kritiko eta lerratua behar dugu, hitzez harago, ekintzaz erantzungo duena”, amaitu du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna