(argazkia: Anboto.org)

‘Salda badago. Euskal Herriko V. Jardunaldi feministak’ liburua aurkeztu dute

“Liburuaren funtsa memoria ariketa bat egitea da”, adierazi du Monika Mendiberri Emagineko kideak.

2019ko azaroan Euskal Herriko 5. Jardunaldi feministak egin ziren Durangon. Emagin elkartearen arabera, 3000 emakume eta 350 kolektibo bildu ziren jardunaldietan, “Euskal Herriko Mugimendu Feminista egituratzeko eta aurrera begira dituzten erronken inguruan hausnartzeko”. Durangon eztabaidatutakoak jaso dituzte orain Salda badago izeneko liburuan.

Emagin elkarteak jaso eta garatu ditu argitalpen honen edukiak. “Liburuaren funtsa memoria ariketa bat egitea da”, adierazi du Monika Mendiberri Emagineko kideak eta gehitu duenez, argitalpenaren asmoa “interpretazio kritiko bat egitea ere bada”.

Hala, liburuaren garapen-prozesuan jardunaldietan landutako materialaren analisia egin dutela azaldu du Emaginek webgunean argitaratutako albistean, proposamenak, mahai inguruetako aktak eta herrietako diagnosiak aztertuz. “2.631 feministek parte hartu dute talde-elkarrizketa bidez”. Liburuaren atal batzuk subjetiboak direla azaldu du Mendiberrik, “jardunaldietan parte hartu duten protagonista ororen bizipenak, emozioak eta tentsioak jasotzen ditu. Badaude elementu ez hain erosoak. Soluzionatu gabeko eztabaidak, izendatzeak eta kontzeptuak”.

Bestetik, aurrera begira dituzten erronken eta lanketen inguruan hitz egin du Cony Carranza herri-hezitzaile feminista eta jardunaldien antolakuntzako lantaldeko kideak. Liburuan egun haietan Durangon gertatu zena jaso dela eta hor heldutako eztabaidetan bidea egiten jarraitu nahi dutela adierazi du, prozesuetan sinesten dutela eta lanketak arduratik egiten jarraitzea dutela erronka.

Liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute 18 euroren truke eta hainbat herritako saltokietan egongo da salgai. Elkarteak jakinarazi duenez, datozen egunetan aurkezpen gehiago egingo dira Euskal Herriko hainbat udalerritan: Ondarroan, Arrasaten, Zumaian, Oreretan, Oiartzunen eta Zizurren.

Zabaldu: