Larunbatera bitartean, besteak beste, txangoak, tailerrak, ginkana eta triki-poteo bat antolatu dituzte.
Bilboko San Inazio auzoko Larrako AEK euskaltegiak 40 urte bete ditu eta urtemugaren harira, hainbat jarduera prestatu dituzte, Bilboko AEKren laguntzaz.
Gaur emango diote hasiera ospakizunei La Basu abeslariak eskainiko duen rap tailerrarekin. San Inazio auzoko Euskararen Etxean izango da hitzordua, baina izen-ematea itxita dago jada. “Arrakasta izan du ekitaldiak, dagoeneko itxita baitago bertan parte hartzeko izen-ematea”, adierazi dute antolatzaileek.
Etzi, azaroak 7, Bilboko AEKko goizeko irakasleek eta ikasleek 10:00etan ekingo diote itsasadarrean zehar Bilboats ontzian (euskarazko audio-gida batez lagunduta) egingo duten txangoari. Amaitzean, Larrako AEK euskaltegira hurbilduko dira, eta Matxintxu-Larrako AEKko irakasleek San Inazio auzoa ezagutzeko prestatutako ginkana batean hartuko dute parte.
Arratsaldeko 17:00etan, Bilboats ontziko bigarren txangoa izango da. Ondoren, Santutxu auzoko Karmelo kalera igoko dira bidaiariak, bertan Bilboko Berbalagunaren 24/25 ikasturteko hasiera ekitaldian eta 25. urtemuga ospatzen ari diren Berbalagun taldeen omenaldian parte hartzeko.
Jarduera programa larunbatean amaituko da. Goizeko 11:30ean Larrako AEK euskaltegiko ateak ireki eta bertaratzen diren guztiekin argazki erraldoia aterako dute. Lau hamarkadotan bertatik igaro diren irakasle, ikasle eta laguntzaileak gonbidatu dituzte memoria astindu eta historian atzerako bidaiatxoa egitera. Hala, “ariketa vintage” bat egitea proposatu dute antolatzaileek: “nola irakasten zen euskara duela 40 urte Bilboko euskaltegi batean? Kaseteak, VHS bideoak, eskuz moztu eta itsatsitako material behin eta berriz fotokopiatuak…”, erakutsiko dute.
Amaitzeko, 12:30ean, triki-poteoa egingo dute auzoan zehar.
Ospakizun aste hau Bilboko AEKk urtero antolatzen dituen Ikasleen Topaketen barruan kokatzen da. Ikasleen arteko harremanak indartzea eta Bilboko AEKko euskaltegiak ezagutaraztea da helburua.