(argazkia: Oskar Moreno)

San Telmo Museoak ‘Baginen bagara. Artista emakumeak: ikusgarritasun(ez)aren logikak’ erakusketa aurkezten du

2022ko martxoaren 13ra arte bisitatu ahal izango da. Erakusketaren harira, katalogo bat argitaratuko da eta jarduera ugari antolatu dira.

Baginen bagara erakusketa proiektu luzeago baten gailurra da. Izan ere, berdintasuna da Donostiako San Telmo museoko lan ildoetako bat, eta bertako bildumetan emakumeek egindako arteak nolako presentzia eta garrantzia duen aztertu eta bildu nahi izan da. “Hasieratik argi geratu zen beharrezkoa zela ikerketa hori zabaltzea eta Gordailuan bildutako obrak ere aintzat hartzea. Horri esker, eta komisariotza lanetan aritutako Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak egindako ikerketa lanari esker, hobeto ezagutu dugu nola eraiki diren Gipuzkoako bilduma publikoak eta zer-nolako ikusgaitasuna izan duten emakumeek halakoetan”, adierazi dute San Telmoko arduradunek.

Bilduma horietaz gain, Kutxa Fundazioaren obra batzuk ere bildu dira erakusketan, “premiazkoak direnak emakumeek egindako arteari buruz hitz egitean lehiaketek hainbat urtez izandako zeregina islatzeko, eta, zehazki, Pintoras de Guipúzcoa lehiaketaren eragina erakusteko”.

Museo eta bilduma publikoek arte-sistemaren konfigurazioan zeregin nabarmena daukatela azpimarratu dute, “ezin genuen geroratu orain arte sorturiko eta mantendutako sisteman emakumeek bizi izan duten ikusezintasunari buruzko gogoeta-jarduna”. Erakusketa honek, bada, behar horri erantzun nahi dio, eta argudioak eratu nahi ditu diskurtso berri baten eraikuntzarako eta ikerketa, erosketa eta erakusketa politika berrien garapenerako, emakumeek sortutako artea ikusgai bihurtzeko xedez betiere.

Baginen bagara

Baginen. Pintoreak, ehungileak, zeramikagileak, eskultoreak, ilustratzaileak, jostunak… Beti izan dira sorkuntzan lan egin duten emakumeak. Aldiz, gutxi izan dira Artearen Historiak aitortu dituenak. “XVIII. mendetik, diziplina sortu zenetik, gabezia honen arrazoiak emakumeen ezaugarriei atxiki izan zaizkie, biologiarekin lotuz: sortzeko ahalmena umeak izatean joaten zitzaiela argudiatuta, edo natura emozionalekoak izanda, arrazoiaren bikaintasunera iristeko ezintasuna zutela baieztatuz. Azken urteotan, ordea, emakume askok egindako lanak ezagutzera eman dira, eta ‘emakumeen arazotzat’ hartzen zena,’Artearen Historiaren arazoa’ dela argi geratu da. Beraz, zeintzuk izan dira emakumeak baztertzera eraman duten Artearen Historiaren logikak? Logika horien barnean museoek eta bilduma publikoek paper esanguratsua betetzen dute. Haiek dira artista batzuen ikusgarritasuna bermatu eta ikerketa bultzatu dezaketenak; aldi berean, haiek dira diskurtso kanonikoak berresteko edo zalantzan jartzeko ahalmena dutenak ere. Mendeetan diskurtso patriarkalaren parte izan ostean, museo asko ari dira egun sistema horretan bete duten rolaren inguruan gogoeta egiten”.

Bagara. Berrikuspen honen barnean kokatzen da erakusketa hau. San Telmo museoaren eta Gipuzkoako Aldundiaren bildumetatik abiatuta, emakumeek egindako lanak jaso, erakutsi, eta hauetako asko ezezagun izatearen zergatietan hausnarketa bultzatu nahi dute. “Ez omen ginen artearen historian, baina bagara; ez omen ginen museoetan, eta bagara”.

Orotara 120 lan jarri dituzte ikusgai, 50 egile ingururenak, gehienak euskaldunak, baina badaude Europakoak ere.

Zabaldu: