(argazkia: San Telmo Museoa)

San Telmo Museoak ‘Bizikletak. 150 urte’ erakusketa aurkezten du, Amador Tolosa bildumagilearen pieza aukeraketa batekin

Erakusketa museoko elizan jarri dute ikusgai gaurtik ikusgai abuztuaren 6ra arte. Amador Tolosaren bildumako 80 bizikleta biltzen ditu.

Donostiako San Telmo Museoko elizak ezohiko itxura izango du gaurtik abuztuaren 6ra arte. Izan ere, aurtengo Tourraren irteera Euskal Herrian egingo dela kontutan hartuz, Bizikletak. 150 urte erakusketa antolatu dute Amador Tolosa gipuzkoar bildumagilearen (Pasai San Pedro, 1940) 80 bizikletekin.

Erakusketa bost ataletan dago antolatuta, bizikletekin lotutako aspektu ezberdinei erreparatuz. Horrela banatzen da:

Ofizioak: lanbide ezberdinetan erabilitako bizikletak egongo dira ikusgai, besteak beste postari edo suhiltzaileek erabilitakoak. Atal honetan zazpi bizikleta daude, zaharrena 1914. urtekoa.

Historia eta bilakaera: hau da atalik zabalena, 26 bizikletekin. 1860an Estatu espainiarrean ekoiztutako bizikleta batetik hasi eta XXI. mendean Estatu Batuetan sortutako batera iritsi arte, hiru mende zeharkatzen dituen atal honetan Alemanian, Estatu Frantsesan (hasiera-hasierako Michaux-k sortutako bizikleta), Holandan, Ingalaterran eta Italian sortutako piezak ere biltzen dira, marka ezberdinetakoak.

Kiroletakoak / Txapeldunak: 16 bizikleta biltzen ditu atal honek, horietako batzuk XX. mendeko lehen hamarkadako Tourretan erabilitakoak, eta tartean Ferrarrik 1980. urtean sortutakoa ere. Hauekin batera ikus daitezke Tourra irabazitako lau txirrindulariren bizikletak ere: Txomin Perurena, David Etxebarria, Samuel Sanchez eta Fernando Escartin, beste batzuekin batera.

Euskal Herrian sortutakoak: 16 bizikleta, guztiak XX. mendekoak (20ko hamarkadatik 90eko hamarkadara), Euskal Herrian bizikletaren inguruan garatutako industriari esker: BH, GAC, Orbea, Razesa.

Haur eta gazteentzako bizikletak: haurrentzako eta gazteentzako bereziki egindako 15 bizikleta, zaharrena XIX. mende bukaerakoa (egurrezko belozipedoa), eta berrienak XXI. mende hasierakoak, besteak beste Chopper modukoa.

Tolosa oso gaztetatik da bizikletazalea. 17 urterekin afizionatuen kategorian lehiatzen hasi zen Perico Matxainek Errenterian sortu zuen talde batekin, eta kirolari gisa dirutza handirik izan ez bazuen ere, kirol honekiko eta, batez ere, bizikletekiko grina mantendu zuen. Garai hartakoa izan zen txirrindulari ospetsuekin harremana: Matxain, Urkizar, Agirretxe, Lasa, Otaño…

60ko hamarkadan, bizikleta zaharrak erosten hasi zen Frantziara egiten zituen bidaietan, eta horietako asko dira bere egungo bildumaren pieza nagusiak, eta bere kuttunenak: belozipedoak, trizikloak… XIX. mendekoak eta XX. mendeko lehen hamarkadan Tourraren lehen edizioetan parte hartu zuten bizikletak. Horiek guztiak oso kontserbazio egoera onean daude. Geroago etorriko ziren Marotias, Txomin Perurena, Fernando Escartin edo Samuel Sanchez bezalako txirrindulari ospetsuen bizikleta berriak.

Gaur egun 100 bizikleta baino gehiagok osatzen dute bere bilduma, horietatik zaharrena 1860koa, erakusketan ikus daitekeena.

Bizikletez gain, antzinako autoen eta motorren zaletu amorratua ere bada, eta kartel bilduma aipagarria ere badu.

Zabaldu: