(argazkia: Iker Azurmendi)

San Telmo Museoak Gerardo D’Abrairaren industria-marrazkiekin osatutako ‘Barreiatutako paisaiak’ erakusketa aurkeztu du

Gaurtik, martxoak 10, irailaren 6ra arte egongo da ikusgai erakusketa iraunkorreko Industria, aldaketaren eragile atalean. Javier Gonzalez de Duranak egin ditu komisario lanak.

Barreiatutako paisaiak erakusketa, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan 2024an ikusgai izandako erakusketa abiapuntu hartuta, Gipuzkoako instalazio industrialetarako marrazki panoramikoetan zentratzen da nagusiki.

Erakusketak orain arte ia ezezaguna zen Gerardo D’Abraira euskal marrazkigilearen (Begoña, 1904 – Getxo, 1964) obraren zati bat erakusten du. XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Euskal Herriko industriaren indarra bisualki azaltzen aritu zen D’Abraira, paperezko euskarri handien gainean tintaz, akuarelaz eta gouachez egindako airetiko bista ikusgarrien bidez.

Marrazkigilea Nerbioi ibaiaren ibarrean finkatutako enpresa bizkaitarrentzat hasi zen lanean (Altos Hornos, Euskalduna, Babcock Wilcox…), baina laster Arabatik eta Gipuzkoatik ere jaso zituen eskaerak. Baita penintsulako beste hainbat industriagunetatik ere.

Ondoren, D’Abrairak ehungintzan aurkitu zituen bezero ugari. Dena den, 60ko hamarkadatik aurrera, airetiko argazkigintzak zokoratu eta artisautza, lan artistikoa, marketina eta komunikazio bisuala uztartzen zituen lana egiten hasi zen.

Donostiako museoko ordezkariek azaldu dutenez, “bizkaitarrak ez zuen bere marrazkien bidez artista sortzaile gisa agertzeko asmorik, bere zerbitzuak eskatzen zituzten enpresen lantokien dokumentalista leial eta zehatz bezala baizik. Hala ere, bere lerro eta trazuen garbitasunak, xehetasunen verismo xarmagarriak, kolorearen erabileran zeukan gaitasun eraginkorrak eta bere atmosferen leuntasun inguratzaileak maila goreneko ezaugarri profesionalen jabe zela erakusten dute”.

2024an La Encartadako erakusketan Bizkaiko industria ardatza izan bazen, San Telmo Museoko erakusketan ezagunak diren Gipuzkoako enpresekin lotutako marrazki originalak ikus daitezke, baita bizkaitar batzuenak eta lau errioxarrenak ere.

Gipuzkoako industria zentro hauen marrazkiak daude erakusketan:

ALFA, Eibar

BELLOTA, Legazpi

BOINAS ELOSEGUI, Tolosa

GARATE & ANITUA, Eibar

MANUFACTURAS OLARAN, Beasain

SACEM, Sociedad Anónima Constructora de Máquinas Herramientas, Villabona

SARRALDE, Urretxu

ULGOR MONDRAGÓN, Arrasate

Bizkaiko eta Errioxako honakoak ere jasotzen dira:

AHV, Barakaldo

AHV, Sestao

EUSKALDUNA, Bilbao

FÁBRICA DE HIERROS DE EDUARDO K. EARLE, Lamiako

JUAN JOSÉ KRUG, Bilbao

LA CONCHITA, Güeñes

VIÑA TONDONIA  Haro, Errioxa

La Encartada Fabrika-Museoak osatutako katalogoa berrargitaratzeaz gain, Gipuzkoako fabriken marrazkiak biltzen dituen liburuxka ere osatu du San Telmo Museoak: Ikusizko komunikazioaren gertakari ahaztua Gipuzkoako industrian. Biak elkarrekin salduko dira, 25 euroan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna