(argazkia: Oskar Moreno)

San Telmo Museoak lau artisten grabatuekin osatutako karpeta sortu du

Urgullen magalean erakusketarekin lotutako ekimenean parte hartu duten artistak Mikel Ruiz Pejenaute, Xare Alvarez Berakoetxea , Julen Agirre Egibar eta Ainize Txopitea dira. Bakoitzak grabatzeko teknika bat baliatu du bere lana sortzeko. Donostiako sei galeriatan jarriko da karpeta salgai.

Donostiako San Telmo Museoan ikusgai dagoen Urgullen magalean erakusketaren amaierako atalean grabatu tailer batean aurki daitezkeen lan tresnak ikus ditzakegu. Horiek baliatuta, grabatu teknikak erakusten dira: serigrafia, kalkografia, xilografia eta litografia. Izan ere, erakusketa honetan, garrantzia eman nahi izan zaio aintzinean irudiak kopuru handitan erreproduzitzeko sortutako modu honi, gaur egun artistek sorkuntzarako erabiltzen dutena.

Horregatik, erakusketa prestatzearekin batera, museoak lau artista gonbidatu zituen paisaia eta Donostia ardatz hartuta lan egin zezaten, bakoitzak teknika horietako bat erabilita.

“Artisten parte-hartzea ez da esku-hartze estatikoa izan. Artista bakoitzak pareta bat izan du erakusketaren azken areto horretan, eta bertan hainbat lan erakutsi ditu, sorkuntza prozesua aurrera zihoan heinean”, azaldu dute.

Esku-hartze horiei dagokienez, bi alderdi nabarmendu daitezke; lehenengoa da artista bakoitza bere kezka formal eta plastikoetatik abiatu dela hormari heltzerako orduan. Zentzu horretan, Xare Alvarez eskulturatik eta liburukiari eta erregistroari buruzko kezkatik abiatu da; Mikel R. Pejenaute artearen, diseinu grafikoaren eta logografiaren arteko elkargunetik; Julen Agirre marrazkigintzatik eta arkitekturarekiko artikulaziotik; eta Ainize Txopitea ikus-entzunezko praktikatik.

Bigarren alderdi azpimarragarria da karpetak egiteko, R. Pejenaute izan ezik, gainerako artistek ez zituztela teknika grafikoak ezagutzen. Eta Pejenauteri normalean erabiltzen ez duen teknika bat esleitu zioten, denak teknikaren ezezagutzatik abia zitezen saiatuz. Pejenautek xilografia erabili du, Alvarezek kalkografia, Txopiteak serigrafia eta Agirrek litografia.

Artistek sortutako grabatu-matrizetatik abiatuta, edizio bat egin da ondoren: 25 karpeta egin dira saltzeko, 1/25etik 25/25era zenbakituta, eta dagozkion probak. Litografia, xilografia eta kalkografiaren kasuetan, lana Bilboko La Taller galeria eta grabatu tailerrean burutu da, Maite Martinez de Arenazarekin. Serigrafiaren kasuan, Usoa Zumetarekin egin da produkzio lan artisau hori.

Lau estanpen sorta biltzen duten karpeta hauek salgai jarriko dira, 575 euroan, Donostiako sei arte garaikideko galeriatan. Galeria hauek pozik agertu dira ekimenarekin: “Ekintza honek gure hurbileko artearen dibulgazio eta sustapen lan etengabea aintzatesten du, eta espero dugu denboran irautea; halaber, arrazoi ona da publiko berri batek bere garaikide diren artisten lanak eskuratu, ezagutu eta gozatu ahal izateko, arrazoizkoa den prezioan.”

Hauek dira galeriak:

Altxerri: Erregina Erregeordea, 2, 20003 Donostia; Arteko Gallery: Iparragirre, 4, 20001 Donostia; Arteztu Gallery: Resurreción Maria Azkue 12, Donostia; Cibrian Gallery: Hernani, 21, 20004 Donostia; Ekain Arte Lanak: Iñigo, 4, 20003 Donostia, Kur Art Gallery: Zurriola, 6, 20002 Donostia.

Zabaldu: