San Telmo Museoak zuzeneko sormen jarduera batekin ospatuko du ateen irekiera

Astearteez gain, sarrera doakoa izango da igande arratsaldeetan ere.

Donostiako San Telmo Museoak gaur irekiko ditu ateak goizeko 10:00etan. Astearteetan egin ohi den bezala, sarrera doakoa izango da, eta berrirekiera ospatzeko, 11:00etatik 12:00etara, klaustroan, Koldobika Jauregi eta Susana Cencillo SK efimeroak-en eskutik, sorkuntza jarduera bat programatu da, musika eta plastika uztartuz.

Ordubetez, Koldobika Jauregi artistak 5, 2 x 3,4 metroko triptiko sinboliko bat sortuko du zuzenean, ehunezko elementuekin. Triptikoak San Telmoko suari buruzko erreferentziak ere izango ditu. Bien bitartean, Susana Cencillo soinujolea Koldobika Jauregirekin arituko da, atmosfera eta egitura ezberdinak sortuz, instrumentuaren soinu baliabide ezberdinak aztertuz, oraingoan, San Telmo Museoko klaustroaren sonoritate konkretuan pentsatuz. Euskal doinuak oinarri hartuta, Aita Donostiaren preludio batzuk bezala, edo erritmo jakin batzuk azpimarratuz, hala nola zortzikoa, obraren amaierara arte eramanez. Azken batean, ekintza artistikoa sonorizatuz, eskultorearekin komunikatuz.

Gainerakoan, museoak ohiko ordutegia mantenduko du. Astearteez gain, sarrera doakoa izango da igande arratsaldeetan ere, “sarrera errazteko eta astearteetan kontzentrazioak murrizteko”, azaldu dute.

Sarrera kontrolatuko da, museoaren edukiera guztizkoaren heren batera baino gutxiagora mugatuz, areto bakoitzeko edukiera ere mugatuko da eta erakusketa iraunkorraren ibilbide bat seinaleztatuko da. “Azken batean, neurriek bermatuko dute bisita modu atseginean eta seguruan egin ahal izatea”.

Erakusketak

Erakusketa iraunkorraz gain, itxieraren unean irekita zeudenak bisitatu ahal izango dira: Atzera begirako poetika. Antton Elizegi argazki bilduma; Deabrua ote. Bruegeldarren mundua; eta Milaka eskuren isilpeko lana.

Ezin izango da audiogidarik erabili eta ez da bisita gidaturik egingo. Horretaz gain, ekitaldi-aretoa, didaktika-tailerra eta liburutegia itxita egongo dira, baina liburutegiak mailegu-zerbitzua eta aurretiko hitzorduaren kontsulta-zerbitzua mantenduko ditu (xehetasun gehiago museoaren webgunean).

Museoak, bestalde, 2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia proiektua abian du eta parte hartzera animatzen ditu herritarrak. Ekainaren 18ra arte egongo da martxan, eta bizi dugun krisiari buruzko artxibo kolektibo bat sortzeko testigantzak biltzen ditu.

SK Efimeroak prestaketa bideoa

Zabaldu: