Santi Brouarden bizitza eta heriotza nobela grafiko baten bidez

Adur Larrea (Bilbo, 1982) marrazkilariak eta Harkaitz Cano (Donostia, 1975) idazleak Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak fikzioaren bidez bildu dituzte, Antzara Eguna izeneko komikian.

“Bere karisma eta konpromisoagatik, Euskal Herriko hainbat familia politikotan itzal handia izan zuen Santi Brouardek”, azaldu dute. Horiekin batera, politikari lekeitiarraren beste ezaugarri ezezagunago batzuk ere jaso ditu Antzara Eguna (Txalaparta) izeneko komikiak, “adiskide eta mediku hurbila, txantxazalea, irakurle amorratua eta euskaltzale petoa ere izan baitzen”. Hala, Adur Larrea marrazkilariak eta Harkaitz Cano idazleak Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak fikzioaren bidez biltzea lortu dute, ekinbide publikoa eta bizitza pribatua josi dute, iragana eta oraina lotu, garai baten kontaketa bizia marrazteko helburuarekin.

Eleberri grafiko honen protagonista nagusiak:

Santi Brouard. 1984ko azaroaren 20an, Brouard tiroz hil zuten bere Bilboko pediatria kontsultan. Julian Sancristobal Espainiako estatuko Segurtasun idazkariak agindua eta dirua eman zion Rafael Masa poliziari, eta horrek Luis Morcillori eta Rafael Sanchez Ocañari ordaindu zien hilketagatik. Brouarden heriotzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian. HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra…

Teresa Aldamiz. Euskal jatorriko poeta, Filipinetan jaioa. 1986an Poemas para vivir poemarioa argitaratu zuen, Santi Brouard senar erailari dedikatua. Brouarden bidaide sentimental eta intelektuala zen heinean, elkarrizketa mamitsuak eta kontrapuntu literarioa aurkitu dituzte egileek haren bitartez.

Luis Morcillo. Brouarden hiltzaile aitortua da. GALeko kide, Kolonbiara ihes egin zuen. Espainiara itzuli zelarik, narkotrafiko kontuetan nahastua izan zelako atxilotu zuten. Bost milioi peseta jaso zituen Lekeitioko medikua hiltzeagatik.

Rafael Sánchez Ocaña. Morcillori hilketan lagundu zion mertzenarioa da. 1993an 33 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zen. Bai Sanchez Ocañak eta bai Morcillok thriller girokoago trama baten garapena ahalbidetuko dute, hilketaren prestakuntza in crescendo doan tentsionamendu batekin trentzatuz eta Brouarden kontsultako istorioekin modu txandakatu eta paraleloan eskainiz.

Pertsonaia hauetaz gain, 80ko hamarkadako hainbat intelektual agertzen dira komikian barrena, Eva Forest eta Alfonso Sastre dira horietako batzuk. Nobela grafikoaren abiapuntua egiazko pertsonaiak eta gertaerak izan arren, kronika hutsa baino gehiago errekreazio bat da, literatur trikimailu eta sormenaren tresnen bitartez gure herriaren historian garrantzitsu izan ziren gertaera batzuk finkatzen saiatu dena, 80ko hamarkadako fresko zabala osatzeraino.

(Bideoa: Txalaprta)

Zabaldu: